Lasterketa berreskuratu eta urtebetera, hemen da berriro Karabelgo Krosa, edizio borobilarekin: 10garrena du, 2006ra bitarte egindako zortziak batuta. Gaur goizean jokatuko da lasterketa, adin guztietako korrikalariekin.
Haurren probarekin ekingo diote, 10:30etan; eta 700 metroko ibilbidea osatuko dute 5 eta 10 urte bitartekoek. Ondoren, 11:00etan, gazteen (11-16 urte) txanda izango da: 2,5 kilometroko zirkuitua egingo dute haiek. Bi proba horietarako, Belkara auzo elkartearen (Oleta plaza 23, behea) egoitzan eman beharko da izena, ordu erdi lehenago arte.
11:30etan hasiko da helduen lasterketa, 9 kilometroko ibilbide berrituarekin, sagardotegien bidean, Akarregin eta Zubiondon barrena, Urumea ibaiaren bi aldeetatik. Izenematea zabalik dago herrikrosa.eus webgunean, 11:00ak arte.