Gaurko Upelioren hileta, Upelioren azkena ote?

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 14a, 00:00

Upelio Eguna ospatuko dute gaur arratsaldean gazte astigartarrek eta Upelioren hileta da aurtengo gaia.

 

Iritsi da, azkenean, urteko egun berezienetariko bat Astigarragako gazteentzat, Upelio Eguna. Upelio Egunaren ospakizunean gaur, eta Gazte Asanbladak antolatuta, astigartarrek Upelioren hileta irudikatuko dute gurdi poteo batekin. 18.30etan elkartuko dira Zipotza elkartean eta parte hartu nahi dutenei lutoz jantzita joatea eskatzen zaie. Upelioren azkena ote?

Aurtengo gaia ilun xamarra izanda ere, gaurkoan ederki pasako dute. Jantziak prestatu, paperean sartu eta, lagunartean, giro paregabeaz gozatzeko aukera izango dute. Noski, bertaratzen diren gainerako herritarrek ere ekintzetan parte hartu ahal izango dute.

Poteoa lehendabizi, afaria ondoren eta amaitzeko 
kontzertua

Pandemia eta gero egun bakarrera mugatu dute ospakizuna. Iluntzean hasiko dute 18:30etan; poteo bihurriarekin. Ondoren, 21:00etan, afaria izango dute Zipotza elkartean. Eta eguna ezin hobe bukatzeko, elektrotxaranga izango da 00:00etan.

Santo Tomaseko azoka gaur, Foru Plazan

Bestetik, goizean Santo Tomas azoka jarriko dute, Foru Plazan, 10:00etatik aurrera, Astigarragako Herri Eskolak antolatuta. Trikitilariak, ikasleen postuak, dantzak, saskiaren zozketa, erromeria eta Arantzazuko Amako DBHko ikasleen taberna izango dira Foru Plazan. Txistorra jan nahi duenak gaur du aukera ezin hobea, gainera ikasleei laguntzeko izango da. Goiz eta arratsaldean ez dago aspertzerik gaur Astigarragan.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!