Hernaniko Amher Sos Arrazakeria taldeak migratzeko eskubidearen aldeko aldarria atera zuen ostegunean kalera, eta Karabelgo zubian amaitu zuten ekimena, migrazio politiken erruz hildako pertsonak oroituz.
Iaztik hona, migrazioa pil pilean dagoen gaia bihurtu da, baina «ez giza eskubideen edo justizia eta elkartasunaren gai gisa, baizik eta arazo gisa, mehatxu gisa, alderdien eta estatuen arteko arma politiko gisa» azaldu dute. Iritzi interesatuetan oinarrituta dauden datuak eta errealitateen interpretazio partzialetan, gezurretan finean, oinarritzen direla salatu du Amherrek. Guzti honetan kezkagarriena, «ideia horiek erakundeetan eta beste eragile politiko eta sozial batzuetan sartzen direla» azaldu dute.
Hernaniko zubian elkartuta, Euskal Herria isla bat ez dela gogoratu dute, eta «Euskal Herria ez dagoela planteamendu eta ideologia horietatik libre dagoen oasia». Ez da urrutira joan behar, izan ere, Amherrek gogoratu du hemen, Gipuzkoan, joera arrazista eta xenofoboen gertuko adibideak ditugula, Martutenen, Donostian, Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun, ikusi izan direla «pankarta mingarriak, panfleto gezurtiak, jipoiak eta afari solidarioen eta beste ekimen batzuen aurkako kontzentrazio oldarkorrak».
Zabaltzen ari den diskurtso guzti hauen oinarria gezurrak direla azaldu dute, eta gezurrek herritarren segurtasunik ezaz hitz egiten dutela. Erabat zabaldua dago, «gazte migratzaileek lapurretak eta sexu erasoak egiten dituztela, biztanleria migratua biltzen den auzoak problematikoak eta arriskutsuak direla. Datu ofizialek ordea, delitu gehienak pertsona migratuek egiten dituztela gezurtatzen badute ere». Kezka azaldu dute taldekideek, buloek sortzen duten zarata geroz eta haundiagoa dela eta «inmigrazioa» zentzu negatiboan lehen mailako arazo bihurtzen dela iritzi inkestetan.
Arrazakeria eta xenofobia, zuzenak edo kamuflatuagoak izan, «arrisku haundia» direla adierazi dute. Herritarrak erne egotera deitu dute taldetik, «diskurtso horiek migratzaileei giza eskubideak eta are gizatasuna ere ukatzen dizkietelako». Erne egotera deitu dute, «gazteenen eta nerabeen sektore haundietara ere iritsi direlako mezu eta ideia hauek». Salatzea, jardutea, geure jarrerak aldatzea eta beldurrak gainditzea dela bidea azaldu dute, eta «elkartasunean eta migratzeko eskubidearen defentsan inplikatzea, herrialde honetan bizi diren pertsona guztientzat eskubide berdinak defendatzeko», gaineratu dute. Erakundeei benetako konpromisoa izan dezatela eskatzen dute, legedian eta gizarte-babesean askoz ere ausartagoak izan daitezen, «eskuindarrek zabaltzen duten arrazakeria eta xenofobia eta antifeminismoaren infekzioa geldiarazteko errezetarik zuzenenak baitira».