Ohorezko B mailako mutilen taldea Landarera itzuliko da bihar eguerdian. La Únicaren aurka jokatuko du Hernanik, eta zaleen aurrean ezingo dute hutsik egin.
Lehenengo faseko zazpigarren jardunaldia izango da, eta datozen partidu erabakigarriei aurre egiteko ezinbestekoa da trikoloreentzat garaipena eskuratzea.
La Única talde iruindarra sailkapeneko zortzigarren postuan dago, igoera fasera sailkatzetik urrun, eta azkeneko hiru partiduak galduta iritsiko da Landarera. Hernanik, berriz, garaipena eskuratu du azken lau jardunaldietan, eta bosgarrena kateatu nahi du bihar.
Igoera fasera lehenengo hiru sailkatuak pasako direnez, sailkapenaren behekaldeko taldeen aurkako partiduak bai ala bai irabazi behar ditu Hernanik. Une honetan laugarren postuan dago taldea.