Etxera itzuliko dira gaur arratsaldean Hernaniko eta Mundarroko gizonezkoen lehenengo taldeak. Gaur arratsaldean arituko dira astigartarrak, eta bihar eguerdian hernaniarrak. Emaitza txarrak jaso dituzte azkenaldian, eta bolada txarra etetea izango da asteburuko helburua. Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak, aldiz, pasa den asteburuko garaipenari jarraipena ematea bilatuko du Añorgan.
Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak 6-1 galdu zuen aurreko jardunaldian Zarautzen, eta sei partidu daramatza garaipenik lortu gabe. Egoera ez da ona: 15garren postuan dago taldea, eta puntuak behar ditu. Bihar eguerdian jokatuko dute Aloña Mendiren aurkako partidua.
Mundarrok ere azken hiru partiduak galdu ditu. Gaur arratsaldean Sanpedrotarraren bisita jasoko du Zarkumendegin, 16:00etan hasita. Astigartarrek gol asko jaso dituzte azken partiduetan, eta defentsan hobetu beharko dute.
Etxetik kanpo arituko dira Euskal Ligako neskak
Bizkerreren aurka irabazi ondoren, Añorgan jokatuko dute gaur arratsaldean Hernaniko Euskal Ligako neskek. 15:30etan hasiko da partidua.
Sailkapeneko erdialdean dago Hernani une honetan, baina puntu gutxiren bueltan talde asko daude. Hortaz, gaurko partidua irabazita postuak aurreratu ditzake taldeak.