Edizio borobila du aurtengoa Karabelgo Krosak, 10garrena. Zenbaitentzat harrigarria izango da hori, joan den urtean izan baitzuten lasterketa lehenengoz egiteko aukera. Baina iazkoaren aurretik, beste zortzi edizio bazituen eginak krosak, 2006an bere ibilbidea eten zuen arte.
Joan den urtean berreskuratu zuten, 17 urteko etenaldiaren ondoren, Belkara auzo elkartearen eskutik. Eta egutegian bere tokia hartzeko bueltatu da, gainera. Bihar jokatuko dute Karabelgo Krosa, goizeko 10:30etatik aurrera, hiru kategoriatan banatuta: haurrak, gazteak eta helduak.
Txikienek, 5 eta 10 urte bitartekoek, 700 metroko ibilbidea osatuko dute auzoan barrena. Haiek izango dira lasterketa egiten aurrenekoak, 10:30etan. Ordu erdi beranduago, 11:00etan, gazteen txanda iritsiko da, 11 eta 16 urte bitarteko gazteena: 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute.
11:30etan hasiko da proba nagusia, 17 urtetik gorakoentzat. Ibilbidea aldatu dute, erakargarriagoa izan dadin; eta 9 kilometroko proba osatu beharko dute partehartzaileek, sagardotegien bidean, Akarregin eta Zubiondon barrena, Urumea ibaiaren bi bazterretatik. Karabel auzoan bertan hasi eta bukatuko da proba.
Helduen lasterketarako, aldez aurretik eman behar da izena, herrikrosa.eus webgunean, 10 euroan. Egunean bertan ere apuntatu daiteke, webgunean bertan, proba baino ordu erdi lehenago arte; baina kasu horretan 15 euro izango dira.
Dortsalak igandean bertan jaso beharko dituzte partehartzaileek, Belkara auzo elkartearen egoitzan (Oleta plaza 23, behea), 08:00etatik aurrera.
Haurren eta gazteen kasuan, doakoa izango da izenematea, eta egunean bertan egin beharko dute, Belkararen egoitzan: haurrek 10:00ak arte, eta gazteek 10:30ak arte.
Lasterketa guztiak bukatzean, sariak emango dizkiete korrikalari azkarrenei, eta opari ugari zozketatuko dituzte partehartzaile guztien artean.
Joan den urtean, giro ederra
Ez da harritzekoa krosak segida izatea aurten, arrakastatsua izan baitzen itzulerako edizioa, joan den urtean. 83 korrikalarik hartu zuten parte, gehien-gehienak hernaniarrak; eta dozenaka herritar bertaratu ziren auzora, lasterketa ikusi eta partehartzaileei animoak ematera.
Ibai Alba hernaniarra nagusitu zen gizonezkoetan, eta Ainhoa Usandizaga oriotarra emakumezkoetan, Eider Estibariz hernaniarraren aurretik.