Abenduaren 19an estreinatuko duzu 'Nire fantasia' obra. Nola harrapatzen zaitugu?
Azken urteetan asko aldatu da nire bizitza. Kazetaritzan urte luzez jardun ondoren, 2017an eszedentzia bat hartu eta arte eszenikoen munduan sartu nintzen. Lehenengo obra 2020ko urtarrilean estreinatu nuen, orain dela ia bost urte, eta ordutik hona ere asko aldatu dira gauzak. Lan honek daukana da oso lotuta dagoela bizimodu pertsonalarekin, lotuegia batzuetan. Bide honetan ere asko aldatu da nire lan egiteko modua, hirugarren ikuskizuna da hau, eta esperientziak beste ikuspuntu bat eman dit. Gogorra bezain ederra izan da sortze prozesua, eta zalantza asko sortu dizkidan arren, gustura nago egindako bidearekin. Hain justu, horri buruz asko hitz egiten dut 'Nire fantasia' ikuskizunean.
Zer da zehazki 'Nire fantasia'? Kabaret modura izendatu duzu oraingoan ere.
Bai, hala da. Kontzertu formatua du, lehendik sortuta neuzkan kantuak zuzenean taularatu nahi nituelako. Aldi berean, kontziente nintzen egoera ez zela errazena; lan haundia eskatzen du kontzertu bat prestatzeak, eta dagoeneko ez dauzkat 20 urte. Obran bertan literalki galdetzen diet ikusleei ea ezagutzen duten 40 urte baino beranduago hasi eta arrakasta izan duen euskal abeslaririk. Nik behintzat ez dut inor ezagutzen, eta uste dut ez dela kasualitatea. Horri bueltak ematen nenbilenean okurritu zitzaidan nahasketa hau egitea, arte eszenikoak musikarekin uztartzea. Hortik sortu dut emanaldia.
Orain arte egin duzun bideari errepaso bat emango diozu orduan.
Lehenengo ideia horixe zen, nire istorio pertsonala izatea abiapuntua zenbait abesti kantatzeko. Gerora fikzioa ere txertatu diogu gidoiari, baina oinarria nire esperientzia da. Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian estreinatu ditut orain arte egindako bi obrak, eta azken hau ere bertarako sortu nuen lantxo batetik dator. Amaia Irazabalek lagundu dit kanpo begiradan eta aholkularitzan, eta berarekin batera konturatu nintzen bizitzako ametsei buruz hitz egiten ari nintzela. Guztiok dauzkagu ametsak, baina ezberdina da bakoitzak eskaintzen dien lekua. Askotan ez diegu kasurik egiten, eta hori ere ez da kasualitatea, bizi garen gizartean bizi garelako.
Hausnarketa guzti horiei tiraka ibili nahiz prozesu honetan, eta egia esan kosta zait hona iristea. Ideia buruan neukan, baina mila modu daude hori adierazteko, eta gogorra izan da forma ematea. Amancay Gaztañagak ere laguntza haundia eskaini dit, prozesuaren bigarren fase honetan batez ere, eta pixkanaka joan gara osatzen. Esaldi batek ondo laburbiltzen du azken emaitza: nola izorratu zure bizitza txikitako ametsak errealitate bihurtzeagatik. Erabaki genuen bidea positiboan kontatu beharrean alderantziz egitea. Ametsen eta errealitatearen arteko talka irudikatzea izan da asmoa. Horrekin batera, lanari ematen diogun garrantzia, LGTBIQ+ kolektiboa eta aktibismoa, eta beste zenbait gai landuko ditugu.
Prozesua gogorra dela diozu, zer izan da zailena?
Beno, sortzaile modura oraindik ez daukat hainbesteko konfiantza. Zalantza dexente sortzen zaizkit bidean, eta horrek gogortzen du. Lehenengo obra egin nuenean, hainbesteko grina nuenez, ia edozein modutara lantzeak balio zidan. Orain ez dit edozerk balio eta prozesu honetan askotan piztu zait sortzaile bezala erdipurdikoa izatearen ideia. Oso zaurgarria sentitu naiz eta sentitzen naiz, eta publikoaren iritziak eragin haundia izaten du nigan, nahiz eta pixkanaka ikasten ari naizen. Esango nuke zalantza konstante bat dela prozesua, baina gero beti itzultzen naiz bidera.
Oholtzan bakarrik aritu zara orain arteko ikuskizunetan. Horrek gogortzen du lana?
Bai, noski. Jendeak asko pertsonalizatzen du obra oholtzan pertsona bakarra dagoenean. Sortze prozesuaren zati haundiena ere nik egin dut, eta horrek neke haundia suposatzen du. Oraingoan Iñaki Santos musikariaren babesa izango dut oholtzan, eta istorioaren pisurik haundiena nik eramango dudan arren, asko estimatuko dut bere presentzia.
Aurreko obrak ez bezala, Hernanin estreinatuko duzu hirugarrena. Zuretzat berezia izango da, ezta?
Oso berezia da. Maiatzean eskaini nuen obra honen aurrekaria Donostian, baina ez du zerikusirik. Oraindik ez dut bukatu sortze prozesua, gauzak etengabe doaz aldatzen eta azken egunera arte hala jarraituko du. Hernaniarra izanda ilusio haundia egiten dit estreinaldia bertan izateak. Gainera, horren alde oso ona da nire jendea egongo dela lehenengo emanaldian, eta horrek babesa ematen dit. Umetan, 2-3 urterekin, Biterin ikasi nuen, eta ederra da berriro bertara iristea garai hartako ametsak betetzen.
Hemendik aurrera ze ibilbide izango du 'Nire fantasia' obrak?
Ikuskizun honekin batera martxan jarri nahi dut nire musika proiektua. Plataforma digitaletan oraindik ezin da nire musika entzun, eta hori lantzeko asmoa daukat. Etorkizunera begira, gustatuko litzaidake abestiak jendearekin partekatzea eta emanaldi batzuk lortzea. Ahal dela, 'Nire Fantasia' herriz herri eskaini nahiko nuke. Orain arte bi urtetik behin sortu ditut lanak, baina datorren urterako konpromiso bat hartu dut dagoeneko, orduan guzti hori pilatuko zait urte berrian.