Gauza bitxia da lankide bati elkarrizketa egitea. Bitxia bezain xelebrea, akaso. Baina tira, jarri diogu hitzordua mahaiaren bestaldean, galderak egin beharrean erantzutea dagokionaren tokian, eta hasi gara kontu-kontari, bertsolaritzaz, Gipuzkoako Txapelketaz, finalaz, orain arte bizitakoaz... Beste askotan egin bezalaxe, baina oraingoan solasaldia paperera ekartzeko asmoz.
Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra finalean ariko da gaur, bere estreinako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, den-denak (bera barne) harritu dituen ezustekoa emanda. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Donostiako Ilunben, honako zazpi bertsolariak izango ditu lagun oholtza gainean: Beñat Gaztelumendi añorgarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Alaia Martin oiartzuarra, Oihana Iguaran amasarra, Ane Labaka lasartearra, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Aner Peritz 'Euzkitze' zarauztarra.
Horrelako aukerak nekez iristen direla jakitun, finalaz gozatu nahi du Rekondok, egindako txapelketa ederraren sari gisa.
Luze jo du zure bidaiak txapelketan. Uste baino dezente luzeago, ezta?
Egia esan, bai, espero baino luzeago. Ezin zen luzeagoa izan... Hasiera batean, nik ere ez nekien non zegoen nire muga. Baina finalean ez nuen ikusten neure burua, inondik inora.
Azkeneko geltokia, Ilunben. Irudikatu duzu finala?
Azkeneko astean horri buruz hizketan aritu naiz aldiro, eta bai irudikatzen duzula, baina ez dakizu nolakoa izango den. Aurreko finalak ikusita, jendetza izango dela bai; ea momentuan nola eusten diogun horri... Asteartean izan ginen Ilunben, finalaren atariko prentsaurrekoan, eta ikusi genuen tokia. Hori jendez betetzea falta da, noski.
Zer eginda bueltatuko zara pozik etxera?
Nire lehenengo finala izanda, momentua bera gozatu izanaren sentsazioarekin bukatu nahi nuke. Horrelako aukerak ez dira beti izaten, eta gehiagotan bizitzerik izango dugun ere ez dakigu. Hortaz, nahi nuke gorputzaldi txukunarekin joan, kontziente izan han nagoela, eta ez alperrik galdu aukera hori. Gero bertsotan hobeto edo okerrago aterako da; espero dut bertsotan ere gustura geratzea egindako lanarekin. Baina, benetan, uste dut lan haundiagoa izango dela olatuak ez harrapatzea eta sentsazioak kontrolatzea. Hortik aurrera, bertsotan nahiko lan eginda goaz, eta espero dut zerbait txukuna egiteko kapaza izatea behintzat.
Astearteko prentsaurreko horretan elkartu zineten finaleko taldekideak. Nolako zortzikotea zarete?
Final baterako beti geratzen dira kartel politak. Azken finean, txapelketa osoko ibilbidean finalera iristea lortu duten bertsolariak dira, faktore asko tarteko, izan zortea, punttu ona edota egindako lana. Badago esperientzia haundia daukan jendea, tartean Euskal Herriko bi finalista. Plazan asko dabilen jendea ere bai, badaukana bertsoaz harago zerbait gehiago esateko gaitasuna. Eta aldi berean, hiru finalista berri gaude; gainera, hirurak oso desberdinak, berritasun horretan. Azkenerako, geratu da kartel bat erakargarria, aurreneko begiradan behintzat. Bertsolaritza bakarra da, baina hura bizitzeko modu desberdinak daude, eta final honek nahiko ondo islatzen ditu gaur egun Gipuzkoan bertsoa lantzeko eta bertsotan egiteko dauden modu dexente.
Aipatu duzu hiru zaretela finalista berriak, eta hiru kasu diferente. Oso deigarria da zurea: 2019ko finala izan zenean, ia bertsotan hasi gabea zinen.
Ba bai, egun hauetan konturatu gara horretaz, elkarrizketetan aurreko finalaz galdetu didatenean. Final hura abenduan izan bazen, hortxe-hortxe hasi nintzen bertsotan Kontrakantxa gaztetxean. Lehenxeago hasiko nintzen koadrilakoekin parranda giroan bertso batzuk kantatzen, eta 2019ko azaroan komentatu zidan lagun batek Kontrakantxan egiten zituztela kedadak asteazkenero, bertsotan aritzeko. Eta animatu egin nintzen saio horietara. Lotsa ematen dit aitortzeak, baina Gipuzkoako Txapelketa hura, egia esateko, ez nuen jarraitu ere egin. Ez da soilik ez nintzela bertsotan aritzen; bertsozaletasuna ere ez neukan oso barneratua. Edonork jakin zezakeena nekien: Maialen Lujanbioren txapelak eta bere ibilbidea, bertsolari ezagunak... Baina bertsoaren mugimendua oso zabala da, eta horretan sakondu gabea nintzen. 2019ko txapelketarako oraindik ez zidan jo 'gaixotasun' honek.
Hortaz, txapelketetan, ia zure esperientzia bakarra 2022ko Euskal Herrikoa zen. Kazetari bezala bizitu zenuen Nafarroa Arenako final hura, Kronikan lanean hasi berri.
Lehenago joana nintzen txapelketako saioren batera, 2017an adibidez. Baina finalik bizitu gabea nintzen. 2022ko txapelketak barrurago harrapatu ninduen. Kronikan lanean ari nintzen ordurako, Hernaniko bertso eskolako hainbat kide zeuden final hartan, eta jarraipena egitera joan ginen Nafarroa Arenara. Nire lehenengo finala izan zen, eta beste aldetik bizitu nuen, gainera; ez entzule bezala, kronista bezala baizik, lanean.
Bertso munduan 'berria' izate horrek, zein abantaila eta zein traba dauzka?
Berria izateak baino, umetatik bertso eskolan ez aritzeak, nire kasuan behintzat, ekarri du oso bokazioz eta gustutik hasi naizela. Umetan, maiz apuntatzen gara jarduera askotan, gero jarraipenik izaten ez dutenak. Nik beste gauza batzuk egin nituen orduan, eta bertsotan aritu banintz, ez dakit gaur egun jarraituko ote nukeen; agian bai agian ez. Heldutasunean hasteak dakar hautu kontziente bat: nire denbora horri eskaini nahi nion. Hori ikusten dut alde ona. Txarra, berriz, nire taldekideekin alderatuta ikusten dut: oinarria askoz ere murritzagoa daukat; ez bakarrik bertso jardunean, baizik eta atzetik dagoen guztian, mugimendua zertan datzan, historia, bertso eta bertsolari zaharrak... Bertsoak botatzea baino askoz ere mugimendu zabalagoa da bertsolaritza, eta horretan nabaritzen dut nire oinarria txikiagoa dela. Gainerakoan, bat gehiago naiz bertso eskolan.
Kontaiguzu zure ibilbidea, parranda giroko bertso haietatik txapelketa hau hasi bitarte.
Gaztetxeko taldearekin elkartzen hasi, eta 2020ko urtarrilean egin nuen aurreneko plaza, hernaniar askoren lehenengoa ere izango dena: Tabernetako Bertso Txapelketa, Garinen. Esperientzia horren ondoren, pandemia iritsi zen, eta dena eten xamar geratu zen, baita gure taldearen jarduna ere. Whatsappez egiten genituen gauza batzuk, eta deseskalatze fasean bueltatu ginen saioetara, baina jarraikortasun haundirik gabe. Tarteka elkartzen ginen, eta gauzatxoak egin genituen.
2022ko abuztuan izan zen beste mugarri bat. Hernaniko bertso eskolakoak ezagunak nituen, adinkideak direlako asko; eta garai hartan Iker Ormazabal 'Tturko'k deitu zidan, esanez Lizardi Sarian parte hartzeko deitu zutela, baina berak ezin zuela abestu, eta ea ni animatuko nintzen. Lotsa ematen dit esateak, baina garai hartan ez nekien Lizardi Saria zer zen, eta are gutxiago zein oihartzun izan zezakeen. Baina bertsotarako zenez, animatu nintzen. Asteartean deitu zidan Ikerrek, eta ostiralean zen kanporaketa. Finalera sailkatzea lortu nuen, eta urduritasuna sortu zidan: finalera ezin nuen edozein modutan joan. Beraz, geratzen zitzaidan aste horretan Hernaniko bertso eskolako taldearekin hasi nintzen elkartzen: Andoni Mujika, Ekain Tolaretxipi, Eñaut Martikorena, Beñat Mujika, Libe Goenaga eta Iker bera. Final hartan bigarren izan nintzen, eta orduan Eñautek Euskal Herriko Txapelketa hasi behar zuenez, jarraikortasuna eman nion beraiekin elkartzeari. Horrela joan nintzen, pixkanaka, bertso eskolan sartzen. Ordutik izan ditut gazte sariketa batzuk, eta egin ditut plaza batzuk auzoz auzo.
Sariketa horiek eta auzoetako plazak gorabehera, esan liteke apenas plazarik egin gabe iritsi zinela Gipuzkoako
Txapelketara.
Bai, gazte sariketak ziren nire esperientzia potenteenak Gipuzkoakora iritsi aurretik, Erniarraitzen, Lizardin edota Mikel Laboan. Zortea daukagu, inguru honetan auzo elkarteek asko kontatzen dutela bertso eskolarekin, eta beti daukagu tarte bat kantatzeko. Horrek ematen digu jendaurrean aritzeko aukera. Eta herri mailan, gaztetxetik edota bestelako jardueretatik ere deitzen digute. Baina hortik kanpora, plazen zirkuituan sartzea oso konplikatua da, eta gauza bakan batzuez gain, ez dugu aukera haundirik izan.
Arrasaten, finalerako txartela lortu berritan, bertso eskolako lagunak eta haiekin egindako saioak izan zenituen gogoan. Nolakoa izan da elkarrekin egin duzuen bidea?
Oso polita izan da. Askotan aipatzen dugu taldea, eta errepikatzen ditugu antzeko ideiak, baina oso garrantzitsua da talde bat, edozertarako. Bertsolaritza jarraitzen ez duenari, esango nioke irudikatu dezala berak egiten duen edozein jarduera, kirolean, kulturan edo beste edozertan; eta pentsatu dezala taldearekin edo talde gabe gauza bera izango litzatekeen, edo erraztasun bera izango lukeen jarduera hori egiteko.
Txapelketako udaberriko fasea apirilean hasi genuen, eta gu otsailetik aurrera hasi ginen maiztasun haundiagoarekin biltzen. Ordu asko dira elkarrekin, hitz egiten, abesten eta gai asko lantzen. Horrela, iritziak ere ateratzen dira, eztabaidagaiak, solaserako gaiak... Eta denbora asko ematen duzunean gustuko jarduera batean eta talde jakin batekin, harremanak asko estutzen dira. Bidea oso polita bilakatzen da horrela. Denborak eta faseek aurrera egin ahala, jendea txapelketatik kanpo geratzen joan da, baina bereziki polita eta estimatzekoa iruditzen zait kanpoan geratu diren horiek nola jarraitu duten asteroko saioetara etortzen, ilusioz, baikor, laguntzeko gogoz, aholkuak eta babesa ematera, irripar batekin... Norberak bere emaitza ere bilatzen du, noski, baina taldeko bat aurrera egiten ikusteak ematen dizun poza elkarbanatzea oso polita da. Azken finean, Hernaniko lagun talde bat da gurea, gustatzen zaiona egiten eta ondo pasatzen.
Bertsoetatik hizketaldi luzeetara pasatzen omen zarete. Nolakoak izaten dira entrenamendu saio horiek?
Arratsaldeetan elkartzen gara, norbera bere lanetik ateratakoan, erdi nekatuta; eta tarteka desbariatzen ere bukatzen dugu (barrez). Baina normalean, entrenamendu batean, hartzen ditugu hurrengo saioetan izango ditugun ariketak, eta gaiak jartzen dizkiogu elkarri. Bertsoaldia bukatzean, aholkuak eman eta zuzenketak egiten ditugu, zer egingo genukeen edo zer hartu behar den kontuan. Horrez gain, bertso eskolako mahai borobilaren bueltan eserita, solasean ere aritzen gara. Orain, adibidez, txapelketak zurrunbilo haundia dauka, eta horrekin lotutako kontuez aritzen gara gehienbat. Hori bada momentu bat, baita ere, bakoitzak bere barrenak askatzeko balio duena. Konfiantza haundia daukazun talde batean egonda, askatu egiten zara, eta norberak bere sentimenduak adierazten ditu. Txapelketak berak dakarren nekeak ere sortzen du askatzeko behar hori. Beste inguru batzuetan ez da hainbeste nabaritzen txapelketak daukan eragina, hain gauza haundia ere ez delako; baina gu guztiak barruan gauden horretan, asko estimatzen dira tertulia horiek. Askotan gertatu zaigu, hitzordua jarri eta elkartu bai, baina bertsorik ez botatzea, behar genuelako momentu horretan hitz egin, halako unean nola sentitu ginen kontatu, zer egingo genukeen esan, amestu... Lagun arteko giro horretan, edozein tokitara joan daitezke elkarrizketak.
Txapelketa bera ere, etengabeko entrenamendua izan da zuretzat. Nola bizitu duzu?
Nahiko modu naturalean bizi dudala esango nuke. Nik ere ez nekien non zegoen neure buruaren termometroa, zein tenperatura neukan. Banekien gazte sariketetan nola aritu nintzen; nahiko ondo joan ziren saio horiek. Eta txapelketaren udaberriko fasean ere, adibidez, gazte dexenterekin aritzea tokatu zitzaidan aurreneko saioan. Baina, hala ere, zalantza neukan behin txapelketan egonda nola arituko nintzen testuinguru aldaketarekin. Udaberrian ondo aritu nintzen, eta udazkenekoa hastean berriro piztu zitzaidan txapelketa aurrenekoz bizi duenaren ilusioa; are gehiago, ikusita zein bertsolari neuzkan ondoan. Gauza berriak deskubritzen ari denaren sentsazio horixe neukan. Izan zitekeen nire aurreneko eguna eta azkenekoa, eta gozatzera joan nintzen, esperientzia bizitzera. Horrela joan naiz fasez fase.
Egia da Tolosako final laurdenetako saioa kudeatzen kosta zitzaidala. Oso sari potoloa zegoen jokoan, finalaurrekoetara pasea eta Euskal Herriko Txapelketarako txartela. Aurreko saioa irabazi egin nuen, eta ordutik Tolosako saiora bitarte hilabete eta erdi joan zen, final laurdenetako azkeneko saioa baitzen. Pentsatzeko tarte guzti horrekin, eta ikusita fasea nola zijoan, kosta zitzaidan nire burua lasaitzea eta nire gorputzaldian kokatzea. Baina ondoren, Arrasateko finalaurrekoan, berriro ere oso gustura aritu nintzen. Beraz, etorri ahala kudeatu ditut saioak, ahal izan dudan ondoen. Zuk ez duzu erabakitzen lasai zauden. Izango dira teknikak, baina auskalo zeren baitan dijoan hori...
Ariketa berriak, gero eta jende gehiagoren aurrean aritzea, bertsokideen maila ere gora fasez fase... Horrek guztiak ez dizu gain hartu.
Ariketei dagokienez, bertso eskolan egindako lanarekin nahiko lasai zoaz, probatu dituzun ariketak direlako. Alde horretatik ez dago aitzakiarik. Ikusleen kontua ezberdina da. Urretxuko saioan, 150-200 izango ziren, baina sekula hainbeste jenderen aurrean kantatu gabea nintzen. Eta horrela, fasez fase, hurrengoa izan da beti nire bizitzako plazarik haundiena. Dena den, horrek saioa hasi aurretik eragiten dizu bereziki, norberak ematen dizkion buelten arabera. Arrasaten 1.300 ikusle ziren, eta horretan pentsatzen jarriz gero, inpresioa egiten du. Baina esango nuke, bertsotan aritzeko garaian, nire sentsazioa antzekoa zela Urretxun 150 lagunen aurrean edo Arrasaten 1.300 lagunen aurrean. Ondoren, aulkian eseri, aurrera begiratu eta zure buruari esaten badiozu 'begira zenbat jende dagoen', ba litekeena da inpresioa eragitea. Aretora sartzean edo bertsoaldien erreakzioetan bai, nabaritzen duzu badatorrela bueltan. Zentzu horretan, orain arte saioak ondo joan zaizkidanez, horren alde goxoa probatu dut. Aldiz, norberak saio txarra egitearen sentsazioa izanez gero, pentsatzet dut ikusle gehiago egoteak ekarri dezakeela hondoa jotzea, eta sentsazio hori ez da atsegina izango. Orain, Ilunben, ikusiko dugu nola perzibitzen den jende multzo hori oholtza gainetik...
Denak harritu dituzu. Zure burua ere bai?
Gezurretan ariko nintzateke esango banu espero nuela finalera iristea. Baina ez da finalera iristea bakarrik, egindako bideak ere harritu nau ni. Ez nekien nola moldatuko nintzen gainerako bertsolariekin. Maila haundiko txapelketa dela esango nuke. Beraz, hasiera-hasieratik ari naiz nire burua harritzen. Urretxun irabazterik ezin nezakeen espero. Tolosan bai jarri nuela helburu gisa, aukera izanda, Euskal Herriko Txapelketara sailkatzea, eta saioan bertan ez nuen ondo pasa. Hortaz, ez dakit harridura den hitza. Baina Arrasatera, berriro ere, joan nintzen pentsatuta helburu hori beteta zegoela, jo beharko nuela ikaragarri finalera sailkatzeko, eta jota ere oso zaila izango nuela. Gipuzkoako finala da, eta bertsolari on asko dago. Gauden zortziak gaude, baina bi puntuko aldearekin sartu naiz. Nahikoa da formulazio edo bertso kaxkarrago bat, eta kalean nengoke. Eta ez litzateke inor eskandalizatuko. Beste batzuk ere prest zeuden aurrera egiteko. Beraz, saioro hartu dut sorpresa nire buruarekin eta nire bertsoekin.
Orokorrean, esan liteke lortu duzula txapelketaz gozatzea.
Bai, esango nuke baietz. Udaberritik hasita, bost saio egin ditut txapelketan. Oñatin, Urretxun eta Arrasaten asko gozatu dut. Elgetan eta Tolosan ez daukat hain oroitzapen ona, baina tarteka lortu nuen kontzentratu eta disfrutatzea; neukan guztia ematearen sentsazioa izatea, behintzat nire buruarekin lasai geratzeko. Saio guztietan izan dut momenturen bat, nire buruarekin gustura geratu naizena.
Eta finalera, zein gorputzaldirekin iritsiko zara?
Gogotsu nijoa, motibatuta, eta egindako lan guztiaren opari gisa daukat finala. Nire aurreneko finala da, baina izan liteke azkena ere. Ikusiko dugu nola erreakzionatzen duen buruak hainbeste jenderen aurrean. Baina erakutsi nahi nuke egindako bide horri bukaera polit bat emateko gai naizela. Ahal dela gozatu egin nahiko nuke, eta bertsotan ere aleren bat uzteko aukera izanez gero, saiatuko naiz horretan.