Emakume sortzaileen lana lehen lerroan, Nomadak Gaitun Azokan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 00:00

Emakume sortzaileen lanak egongo dira ikusgai.

30 sortzaile inguru bilduko dira etzi, tartean bailarako sortzaile ezberdinak egongo dira.

 

Dinagu Emakume Sortzaileen Elkarteak Nomadak Gaitun Azoka ibiltaria antolatuko du etzi Hernanin. Bertan elkartuko dira Euskal Herriko 30 sortzaile inguru, tartean bailarakoan diren sortzaileak ere izango dira. 

Emakume sortzaileen lana lehen lerroan jartzen duen elkartea da Dinagu, eta aski ezaguna bihurtu da Nomadak Gaitun Azoka ibiltaria, Euskal Herriko herri ezberdinetatik pasa baita azoka berezi hau. 

Sormenak ez du atsedenik, eta urte osoko lana izaten den arren, Gabonak eszenatoki paregabea bilakatzen dira egindako lanak argitara eramateko. Bitxiak, arropa, ilustrazioak, kosmetikako produktuak, zeramika... sortzen eta sortzen dabiltza emakume sortzaileak eta gabonetako opor hauetan ere geldialdiak egingo dituzte zenbait txokoetan. Etzi Hernanira iritsiko dira, eta azokaren 12garren geltokia burutuko dute. Goizeko 11:00etan irekiko da azoka, Atsegindegin eta 15:00ak bitarte egongo da aukera lanak ikusi eta erostekoa.

Bestalde, 115 pizzako lagunek jan eta edateko aukera emango dute plazan bertan, eta etxeko txikiek ere izango dute beren lekua. Ipuin kontalaria izango dute Amesgile Argitaletxearen eskutik, eguerdiko 12:00etan.

 

31 sortzaile, 31 proiektu

«Aurtengo Gabonetan bertakoa oparitzeko ezin aukera hobea» izango dela azpimarratu du Dinagu elkarteak. Bertan egongo dira: Kapen, Ehule, Amlu, Kaori, Oihele, Izaro Orbegozo, Imkm design, Kool, Itsaso Artola Luxury Atelier, Clara, Mxuk Basque, Itzal, Zatika, Berexiart, Kiribil, Bigira, Basoko Masuxta, Ivulia, Lamia Biocosmetica, Suma Flowers, Amesgile Argitaletxea, Hamarratz, Kribil Zeramika, Pott Keramika, Isla pitxiak, Hasi eta Hazi, Amuki, Zizka Mizka, Gigil, Bihurri eta Taiday Studio. Guztira 31 artitsa eta 31 proiektu bilduko dira Atsegindegiko plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!