Neguko Oporretarako egitarau zabala antolatu dute Udaleko zenbait sailek eta herriko eragile batzuen artean. Herriko haur, gazte eta helduentzako tailerrak, ludoteka, filmak, eta kontzertua egongo dira. Batez ere, 0 eta 17 urte arteko hernaniarrentzako eskaintza ziango da.
Haurrek aspertzeko tarterik ez
Eskaintza zabala izango dute haurrek eta harrera ezin hobea egingo diete gabonei. Gabonetako ludotekan aritzeko tartea izango dute hilaren 23an, 26an eta 27an, Kiroldegian 10:00etatik 13:00etara. Haurrentzat hain berezia izaten den Olentzero eta Maridomingiren etorrera 24 arratsaldean izango da.
Ainara Azpiazu Axpi-ren komiki tailerra egiteko aukera izango dute 10 eta 13 urte arteko gaztetxoek. Liburutegian izango da abenduaren 26an, 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an. Izena emateko aukera egongo da hilaren 29ra arte, Liburutegian.
Zineklubak ere edukiko du zer eskaini. E.T. filma emango du euskeraz, abenduaren 26an, Biterin, 17:00etan. Horrez gain, zirku-antzerkia eta Teilatupean antzerkia ere izango dira, abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an. Bestalde, libutegiko Baietz asmatu jolasaren sarien zozketa urtarrilaren 3an izango da.
Txikientzako musika tailerra estreinakoz
Berrikuntzak ere baditu aurtengo eskaintzak, tartean etxeko txikienentzako musika tailerra, 0 eta 6 urte arteko haur eta haien heldu erreferenteentzat. Kukutrasen eskutik dator nobedadea, eta bi egunetan egingo da, hilaren 26an eta 27an, Sandiusterrin. Izenematea zabalik dago hilaren 19a bitarte, online: labur.eus/rH45J.
Gaztelekua ere prest, Gabonak besarkatzeko
12 eta 17 urteko gaztetxoek Gaztelekuan topatuko dute eurentzako eskaintza eta intereseko ekintzak.
Ekintzetan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa izango da, beraz, interesa duenak gaztelekua@hernani.eus helbidera idatzi edo 688 82 34 20 telefonora deitu dezake.
Helduek ere gozatzeko aukera oporretan
Neguko Oporretako egitarauan helduen gozamenerako tartea ere egongo da. Andoni Mutiloa hernaniarrak, Nire fantasia kabareta eskainiko du abenduaren 19an eta sarrerak dagoeneko salgai daude Biterin. Honez gain, Idoia Asurmendi abeslariak kontzertua eskainiko du hilaren 28an, eta honetarako ere salgai daude tiketak, Biterin edota online.