Hernaniko armarriaren xehetasunak azalduko dira astelehenean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 00:00

Patxi Olabarriak azalduko ditu armarriaren xehetasunak Biterin, 19:00etatik aurrera, «guk ere hobeto ezagutu dezagun Hernani».

Patxi Olabarriak Hernaniko armarriaren xehetasunak azalduko ditu, datorren astelehenean, abenduaren 16an, arratsaldeko 19:00etan, Biteri kultur etxean. Hernani Errotzenek elkartearen esanetan,  «guk ere hobetu ezagutu dezagun Hernani» antolatu da.

Orain urtebete pasa, azaroaren 25ean, Gipuzkoako armarriari buruzko jardunaldia egin zen Hernanin. «Gure herria ezagutzeko aukera paregabea izan zen hura, Hernanin ere kanoi batzuk jarri izan baititugu harro, gureak bailiran».

Jardunaldi haietatik eta Hernani Ezagutu kanpainaren barruan ondorio batzuk ere atera ziren; besteak beste, «jakin genuen irudi haiek nork jarriak ziren». Geroztik, Patxi Olabarriak hariari tiraka lan aberatsa eta emankorra burutu du.

Patxik dionez, «hainbat osagai ditu (ikur batek), hala nola hizkuntza, ohiturak eta ikurrak, baina oharkabean daude horietako asko; normaltzat jotzen dira». Baina kasu honetan ez da hala izan. «Askotan, ordea, ziria sartu digute: horien ezagutza beharrezkoa da, historiaz jakiteko eta gure ikurren berri izateko».

XVI. mendean, heraldika jakintza arloan sartu zen, eta esanahia eman zieten armarriko irudiei: «Kanoiena bazekiten, baina, beste irudiak zer diren azaltzen duen dokumenturik ezean, epikotasuna eta asmakeria erabili zuten». 

Hala, Olabarriak dioenez, batetik, azaldu zuten «erregeak nafarren eta aragoiarren arteko bataila adierazten zuela –XVII. mendean hasi ziren esaten Alfontso VIII.a zela, eta egun bertsio ofiziala da Henrike IV.a dela–; eta zuhaitzekin, bestetik, euskaldunen eta erromatarren arteko gudua irudikatzen dela, euskaldunek euren buruaz beste egin zutela hagin pozoitsuekin erromatarren eskuetan jausi aurretik». 

Nahiko bistakoa da Patxi Olabarriaren hitzetan, «armarriko irudiei heraldika horrek eman zion esanahia asmakeria hutsa zela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!