Santo Tomasetako postuak jarriko dira etzi Plaza Berrin eta Txantxangorri parean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 00:00

Eskubaloi taldeak ere etzi jarriko du txistorra postua.

11:00etatik 14:30etara, San Joan Konpartsak Plaza Berrin eta Eskubaloi taldeak Txantxangorri parean jarriko dituzte postuak.

 

Santo Tomas eguna Hernanin egun batzuk aurreratzen da normalean eta aurten ere horrela izango da. San Joan Konpartsak etzi, larunbatean, jarriko du postua Plaza Berrin. Goizean zehar. 11:00etatik 14:30etara taloak, pintxoak eta bokadiloak jarriko dituzte salgai. Taloak aukeran izango dira: txistorrarenak, gaztarenak, hirugiharrarenak eta txokolatearenak (gluten gabekoak). 

Arratsaldean festak jarraituko du erromeriarekin. 18:00etatik 21:00etara Patxi eta Konpainia taldeak jarriko ditu hernaniarrak eta San Joan Konpartsako kideak dantzan. Hori ere Plaza Berrin izango da, baina eguraldi txarra eginez gero Atsegindegin izango da erromeria.  

Eskubaloi taldeak ere postua jarriko du

Hernaniko Eskubaloi Taldeak ere etzi larunbatean, Txantxangorri Elkartearen aurrean, bere ohiko txistorra-postua jarriko du klubaren merchandaising-arekin. Jertseak, motxilak, kamisetak edota klubarekin lotutako beste produktuak erosi daitezke. Bertako taldeak laguntzeko eta bide batez txistorrarekin eta edariarekin gozatzeko aukera paregabea izango da. 

Errugbi taldeak postua jarriko du etzi eta 21ean

Hernani Club Rugby Elkarteak bi egunetan jarriko du txistorra postua Kale Nagusiko dendaren ondoan. Etzi, larunbatean, eta abenduaren 21ean izango dira txistorra eta edaria saltzen, 10:00etatik 15:00etara etzi, eta egun osoan, 10:00etatik 21:00etara Santo Tomas egunean bertan. 

Goiz Eguzkin, abenduaren 21ean

Goiz Eguzkin ere Gabonak prestatzen hasi dira eta osatu dute Santo Tomasetako programa. Abenduaren 21ean ospatuko dute aurten, eta bazkideek txistorraz eta bi edariz (ura, sagardoa, zuritoa edo ardoa) gozatzeko txartelak hartu ahalko dituzte euroan, abenduaren 16ra arte, bulegoko orduetan. 

Goizean zehar, 10:30etatik 13:00etara, txistorra jatea izango da, 12:30etan, 28 sorten zozketa, eta 13:00etan, karten eta kale-jolasen txapelketetako sari-banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!