Memoriari eta elkarbizitzari buruzko afari-elkarrizketa izango da gaur, Kulturarteko Plaza Feministan. Emakumeentzako saioa da, eta helburu eta baldintza argi batekin bilduko dira herriko emakumeak: motibazio politikoko indarkeriaren inguruko norbere bizipenak partekatzeko prest egotea.
'Afaloste' ekimena Eskubidez erakunde foroak antolatu du; Giza eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzako Erakunde Foroak, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Beste zenbait herritan ere antolatu dute, eta oraingoan, Hernanin hartuko du aterpe. «Motibazio politikoko indarkeriak gure eguneroko bizitzan eta gizarte sarean izan duen eragina aztertu nahi dugu», gaineratu dute.
Aurretiaz izena emanda egotea ezinbestekoa da, eta saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Hiru orduko iraupena izango du, 22:00ak arte.