Aurrera doa Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea Hernanin, mezu xenofoboei kontra egiteko antolatutakoa. Hilaren 18ra bitarte adin eta jatorri guztietako herritarrentzat ekimenak antolatu dituzte Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak eta Amher-Sos Arrazakeriak elkarlanean.
Orain arte, hainbat ekintza burutu dituzte dagoeneko: Hernaniko Institutuko ikasleekin solasaldia, Safia El Aaddam giza eskubideen aldeko ekintzaile antiarrazistak idatzitako 'Hija de inmigrantes' liburuaren aurkezpena, eta 'Ihesa zilegi balitz' kale erakusketa. Azkeneko hori hilaren 30era bitarte izango da.
Baina gehiago ere bada, eta aste honetan Kulturarteko Plaza Feminista izango da, nagusiki, migratzeko eskubidearen aldeko aldarriaren erdigunea. Abenduaren 18ra bitarte, memoriaren maindirea josiko dute Kulturarteko Plaza Feministan bertan, eta nahi duenak bertara jo dezake, migrazio politiken erruz hildako pertsonen izenak josten laguntzera.
Biharkoaren ondoren, datorren astelehenean izango dira ekimenaren azkeneko hitzordua. Egun horretarako, 'Han eta hemen' laburmetraiaren emanaldia antolatu dute, ekimenari bukaera emateko. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta ondoren solasaldia egingo dute, identitate aniztasunari buruz.
Migratzeko eskubidearen aldeko aldarria kalera, bihar
Biharko egunez hartuko ditu Hernaniko kaleak eta plazak, migratzeko eskubidearen aldeko aldarriak. Goiz osoan zehar egongo da zer egin eta zer esan. Goizerako elkartasun azoka antolatu dute, Atsegindegi plazan, 10:30etatik 12:00etara bitarte. Ondoren, Migratzeko Eskubidearen aldeko martxa egingo dute, 12:30etan Atsegindegitik abiatuta. Eta azkenik, migratzeko politiken erruz hildako pertsonen aldeko lore-eskaintza izango da Karabeleko zubian, 13:30etan.