Gabonetako kanpaina martxan, Berriak elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 11a, 00:00

Berriak elkarteko bi merkatari, Gabonetako kanpainaren kartelarekin.

Gabonetako tonbola, erregetako roskoa irabazteko aukera eta haur parkea antolatu ditu merkatari eta ostalarien elkarteak abendurako.

Gabonetako kanpaina martxan jarri dute Berriak elkarteko kideek, eta hiru ekimen nagusi izango ditu kanpainak hilabete osoan zehar. Alde batetik, Gabonetako tonbola egingo da, abenduaren 31ra bitarte; bestetik, erregetako roskoak irabazteko aukera izango da, erosketak Hernani txartelarekin ordainduz gero; eta azkenik, haurren parkea jarriko dute Zinkoenean, etzitik urtarrilaren 6ra bitarte.

Opariak unean bertan, Gabonetako tonbolarekin

Bezeroek tonbolarako txarteltxo bat jasoko dute, ekimenean izena eman duten komertzioetan erosketa bat egiten duten aldiro; eta momentuan bertan jakingo dute ea oparirik irabazi ote duten. «Tonbolarako sari mordoa ditugu prest; horien artean bi lote, herriko komertzioetako produktuekin osatutakoak». Dinamika hau hilaren 31ra bitarte izango da martxan, txartelak lehenago bukatu ez badira. 

Lau okindegitako erregetako roskoak, opari

Abenduaren 15era bitarte, berriz, erregetako rosko bat irabazteko aukera edukiko dute herritarrek, Hernani txartelarekin ordaintzen dutenean. Bezeroak, Berriak elkarteko komertzio batean, Hernani txartelarekin erosketa bat eginez gero, momentuan bertan jakingo du saritua izan ote den, eta nongoa den irabazitako roskoa. Izan ere, opari emango dituzten erregetako roskoak zenbait okindegitakoak dira: Antziola okindegia, Adarraga Gozotegia, Dorronsoro okindegia eta OA gozotegia. 

Haurren parkea, Zinkoenean

Hirugarren ekimena haurren parkea izango da. Zinkoenea plazan jarriko dute parkea, etzi hasi eta urtarrilaren 6ra bitarte: ohe-elastikoak jarriko dituzte bertan. Parkearen ordutegia honakoa izango da: eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00tara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!