«Desgaitasuna dutenek eskubidea dute etxebizitza egokia izateko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 10a, 00:00

Elkarteanek aldarrikatu du desgaitasunen bat dutenek «etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko duten eskubidearen berme eraginkorra».

Elkarteanek (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Koordinakundeko Elkarteak) abenduaren 3an, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna zela eta, aldarrikatu zuen «desgaitasunen bat duten pertsonek etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko duten eskubidearen berme eraginkorra»; eta horrekin bat egin du Koxka elkarteak.

Gogorarazi dute, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren 28. artikuluak aitortzen duela, desgaitasuna duten pertsonek eskubidea dutela «haientzat eta haien familientzat bizi-maila egokia izateko», eta horrek barne hartzen dituela «elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak». Bestalde, Pertsonen Eskubideei buruzko Komiteak, bosgarren ohar orokorrean, Konbentzioaren 19. artikuluan aipatzen den bizitza independenterako eskubidea gauzatzeko funtsezko elementutzat aitortzen du etxebizitza, «etxebizitza eskuratzeak komunitatean gainerakoen baldintza berdinetan bizitzeko aukera dakarrelako».

Hala ere, gaur egungo testuinguru sozialak, ekonomikoak eta urbanistikoak «diskriminazio-egoerak» sortzen jarraitzen du, desgaitasuna duten pertsonekiko etxebizitza eskuratzeko orduan, honako faktore hauek direla eta: «Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako etxebizitzen gutxiegitasun larria, eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasun unibertsalaren arloko gabeziak, etxebizitza publikoa eskuratzeko administrazio-prozeduren konplexutasuna eta zurruntasuna, eskubide hori eskuratzeko kostu haundia eta horrek desgaitasunaren gainkostuari egiten dion ekarpena, edo desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko ekintza positiboko neurriak behar beste ez hartzea». Egoera horrek arriskuan jartzen ditu desgaitasuna duten pertsonen «aukera-berdintasuna eta haien gizarteratzea, bai eta gure bizitza independenteko proiektuen bideragarritasuna ere».

Hori horrela, erakunde publiko eskudunek beharrezko lege- eta administrazio-neurriak har ditzatela eskatu dute Elkarteanek eta Koxkak, «desgaitasuna duten pertsonek etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko dugun eskubidea erabat eta eraginkortasunez bermatuta ikus dezagun». Era berean, konpromisoa hartu du ordezkaritza-lanean eta gizartean eta politikan eragiten jarraitzeko, «etxebizitza-politikak bat etor daitezen Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako printzipio eta eskubideekin». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!