Azkeneko urteetan ohikoa den bezala, Hernani Eskubaloi Taldeak teknifikazio-kanpus bat antolatu du 2009-2014 urteen artean jaiotako haurrentzat. Urtarrilaren 2an, 3an (biak ere 15:00-18:00 artean) eta 4an (goizez, 10:00-13:00) izango da, Hernaniko kiroldegian. 75 euroko prezioa dauka, opari-kamixeta teknikoa eta agur-merienda barne, Bidasoako eta Bera-Berako 'amabitxiekin'.
Urtarrilaren 4an (16:00-19:00) eta 5ean (10:00-13:00), gainera, lagunarteko txapelketak jokatuko dituzte. Goyo Villoria entrenatzaile nazionalak zuzenduko du kanpusa, eta hernanieskubaloia.eus atarian eman daiteke izena. Bertan eskuratu daiteke informazio guztia ere. Plazak mugatuak dira, eta abenduaren 13a da izena emateko azken eguna.
Klubak indartsu hasi du sasoia, eta une gozoa bizi du
HETak azpimarratu duenez, «zorioneko gaude gure talde gehienek liga hasiera ona izan dutelako, eta gure kirol familiak bizi duen une gozoagatik. Kirol eta administrazio egitura eskutik helduta gabiltza, eta gure herrian eskubaloiarekiko maitasuna berpizten ari da». HETak 180 kirol fitxa inguru ditu, eta horietatik 45 inguru Eskolakoak dira. Eta horri gehitu behar zaizkio kirol, gastronomia eta merchandising ekitaldiak koordinatzen dituzten teknikariak eta guraso taldea.
Azaldu dutenez, kluba «argi eta garbi baikor dago epe laburrera eta ertainera begira, zutabeak eta oinarriak sendotuta baitauzkagu, Hernanin kalitatezko eskubaloia arnasten jarraitzeko, Europako partiduak jokatu zituenetakoa delako kluba». Begibistakoa da gaur egun errealitatea bestelakoa dela, baina «azkeneko hiru urteetan asko hobetu da zuzendaritza berriari eta kirol-zuzendaritzari esker». Une honetan, arazo nagusia «pistako ordutegien eskasia da, beste diziplina batzuekin partekatzen dugun arazoa, baina gure kasuan, gure kirolaren eskakizun teknikoek areagotzen dutena, pista osoan entrenatzea eskatzen baitigu».