Partidu borobila atzo Hernanik Santanderren

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 13:13

Markagailuak 7-52 iragartzen zuela amaitu zen atzoko partidua, garaipen garrantzitsua Hernaniko jokalarientzat.

Partidu borobila jokatu zuen atzo Hernaniko trikoloreek Santanderren. Markagailuak 7-52 iragartzen zuela amaitu zuten lehia, eta garaipen garrantzitsuarekin itzuli ziren etxera hernaniarrak.

«Sentsazio onak hartu eta indarrak berreskuratzeko» partidua izan zela azaldu du Anartz Elosegik, Hernaniko jokalariak. 

Haizea eta euria izan ziren protagonista eta eguraldiak partidua baldintzatu bazuen ere, lehenengo zatian bereziki, ondo aprobetxatu zituzten haize boladak trikoloreek. «Ondo jakin genuen aprobetxatzen eguraldia, bereziki, lehenengo zatian, haizea alde genuela. Tartea irabaztea lortu genuen, eta lasaiago iritsi ginen bigarren zatira». Markagailuak 0-40 markatzen zuela bukatu zen lehen zatia, eta deskantsutik bueltan ere sasoiari eustea lortu zuen Hernanik. «Nahiz eta haizea kontra izan, markagailuari eusteko gai izan ginen», gaineratu du. 

«Azpimarratzekoa da oso sentsazio onekin atera ginela» dio Elosegik. Aurreko hilabetean izandako sentsazio arraroen ostean, berriz ere martxa hartzea zuten helburu: «denbora osoan martxan eta konpetitibo egotea zaila da eta atzokoak genuen sentsazio txarrei buelta emateko balio izan zuen». Partidu seguru bat izatea zen atzoko helburua eta lortu zuten.

Datozen partiduetarako konfiantzaz eta segurtasunez sentitzen da taldea, igandean etxean jokatzeko. Urtea bukatu aurretik Gernikan izango dute hitzordua, eta azken partidu hau «zailxeagoa» izango dela iragarri du jokalariak.

Igandean, etxean

Igande honetan izango dute 7.jardunaldia Hernaniko jokalariek, eta Iruñako La Unica rugbi taldearen aurka lehiatuko dira. Eguerdiko 12:00etan Landaren dute hitzordua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!