PSE-EEk aurrekontuei 274.000 euroko zuzenketa partzialak aurkeztu dizkie

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 00:00

Egungo geltokia birkokatzeko elkarlana hasiko dute taxilariek eta Jaurlaritzak.

Udal Talde Sozialistak akordioak lortu ditu Sagastialdeko zuzengunea berrurbanizatzeko aurreproiektu bat idazteko, igerilekuetatik gainezka egiten duen ura berreskuratzeko eta berrerabiltzeko azterlan bat abian jartzeko, edo, Hernaniko taxien telefono publikoa sustatzeko.

Hernaniko PSE-EEk 13 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio 2025erako aurrekontu proiektuari, 274.000 euroko balioarekin. Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta udalerri iraunkorragoa, irisgarriagoa eta erakargarriagoa sustatzeko zuzenketak dira.

Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak nabarmendu duenez, PSE-EEk eta EH Bilduk proiektu politiko ezberdinak dituzten arren, aurrekontuen negoziazioetan «lanerako eta akordiorako prest" egon dira. Hori dela eta, ez dugu osoko zuzenketarik aurkeztu eta bozketan abstenitu egin gara». «PSE-EE beti egon da elkarlanerako prest, eta duela urte askotatik hona, zuzenketa partzialak proposatu ditugu hernaniarren bizitza hobetzen laguntzeko, gure ikuspegi eta jarrera politikotik», azaldu du Crespok.

Bozeramaileak adierazi duenez, «2025erako aurrekontuek oraindik ere partekatzen ez ditugun partidak jasotzen dituzten arren, hala nola, Udalbiltza, Atez Atekoa edo Hernani Burujabe programa, uste baitugu erabakiak legezko ordezkaritzarik gabeko organoetara eraman nahi dituela, edo tokiko moneta, baliabide publikoekin bakarrik funtzionatzen duela pentsatzen jarraitzen baitugu, negoziazioan sintonia aurkitu dugu. Baina gogoratu behar dugu aurrekontu hauetan benetan oposizioa egiten duen alderdi politiko bakarra izan garela».

 

Aurrekontuetarako adostutako proiektuak

PSE-EE eta Udal Gobernu Taldearen artean aurrekontuetarako adostutako proiektuak ondorengoak dira: Sagastialdeko zuzengunea berrurbanizatzeko aurreproiektua. Galtzada horretatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura murriztea eta aparkatzeko arazoari irtenbidea bilatzea du helburu, batez ere tarte luzeak hartzen dituzten karabanei.

Igerilekuetako ura berrerabiltzeko azterlana. Igerilekuetatik gainezka egiten duen ura berreskuratzea eta komunontzietan edo kiroldegiko garbiketa orokorrean berrerabiltzea.

Pikoagako autobus-linearen definizioa. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egingo da ildo hori definitzeko, gaur egun udalen eskumena baita soil-soilik.

Taxien telefono-zenbaki publikoa sustatzea eta geltokia birkokatzea. Partida bat bideratuko da, besteak beste, internet bidez sustatzeko. Gainera, taxilarien kolektiboarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, egungo geltokia birkokatzeko.

Arratoien aurkako esku-hartzea. Partida espezifiko bat aurreikusi da udalerrian arratoiak ugaltzeari esku hartzeko.

Konpromiso horiek betetzeko eta jarraipena egiteko, PSE-EEk eta EH Bilduk urtero bi bilera egitea adostu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!