Hernanin egingo da aurten Afaloste, memoriari eta elkarbizitzari buruzko afari-elkarrizketa. Kulturarteko Plaza Feministan izango da abenduaren 11n, asteazkenez, eta emakumeentzako saioa izango da, eta baldintza bakarra izango du: motibazio politikoko indarkeriaren inguruko norbere bizipenak partekatzeko prest egotea.
Afaloste ekimena Eskubidezek antolatu du, Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzako Erakunde Foroak, Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Berez, hainbat herritan egiten ari den ekimen bat da, eta kasu honetan Hernanin hartuko du aterpe.
Afaloste laborategi gastronomiko eta soziala da, zeinak, elkarrizketaren eta sukaldaritzaren bidez, motibazio politikoko indarkeriak gure eguneroko bizitzan eta gizarte sarean izan duen eragina aztertu nahi duen.
Eskubidez foroa 25 elkartek osatzen dute. Foroaren inplementazioa Bakeola-EDE eta Gernika Gogoratuz elkarteen esku dago, eta Udalak babestu du ekimena.
Asteazkenean, 19:00etatik 22:00etara, Kulturarteko Plaza Feministan
Abenduaren 11n izango da Afaloste Hernanin, Kulturarteko Plaza Feministan, 19:00etatik 22:00etara. 20-25 lagunentzako topaketa izango da, ahal dela, belaunaldi ezberdinetako esperientziak jasotzeko asmoa dago, bi edo hiru belaunaldirenak.
Parte hartzeko baldintza bakarra norberaren bizipenak partekatzeko eta beste ikuspegi batzuetara irekitzeko gogoa izatea da. Eskubidez.org webgunean informazio gehiago eskuratu daiteke eta bertatik, izenemateko orrira bideratuko dituzte interesatuak. k