Mezu xenofoboei kontra, Migratzeko Eskubidearen aldeko astea antolatu dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 8a, 00:00

Amherretik Fatima Fernandez eta Udaletik Itsaso Lekuona eta Irantzu Jauregi.

Abenduaren 18ra bitarte, adin eta jatorri guztietako hernaniarrentzako ekimenak antolatu dituzte Udalak eta Amherrek elkarlanean.

 

Martxan da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea, Udalak eta Amher elkarteak elkarlanean abiarazitako ekimena. Indarrak batu dituzte Udaleko Lankidetza sailak eta Amher-Sos Arrazakeriak aurten, eta abenduaren 18ra bitarte, adin eta jatorri guztietako hernaniarrentzako ekimenak antolatu dituzte.

Ekimena aurkeztu zuten antolatzaileek, Ihesa zilegi balitz kale-erakusketaren aurrean, eta «mezu xenofoboak azaltzen ari diren garai hauetan, baita Hernanin bertan ere», migratzeko eskubidea defendatzea inoiz baina beharrezkoagoa dela aldarrikatu zuen Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak. 

 

'Ihesa zilegi balitz' kale-erakusketa

Gari Garaialde hondarribiarra eta Javi Julio fotoargazkilarien lana da Ihesa zilegi balitz, udal kiroldegiko pasealekuan (Latsunbe Berri) dagoena ikusgai. Kale-erakusketa hau formatu haundiko 46 argazkik osatzen dute, egunero pertsona migratzaileak egiten ahalegintzen diren bideetako batzuk erakusten dituztenak. Hauek dira bide horiek: Irun, Melilla (Espainia), Lesbos (Grezia), Zarzis (Tunisia), Angers (Frantzia), Biella eta Pozallo (Italia) eta Mediterraneo itsasoan hartutako irudiak daude.

Abenduaren 30a arte egongo da ikusgai eta dagoeneko jarri dituzte argazkiak kiroldegi inguruan.

 

Liburu-aurkezpenak, solasaldiak eta Memoriaren maindirea, Kulturarteko Plaza Feministan

Gainontzean, Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteko lehenengo ekimena ostegunean izan zen, Hernaniko Institutuko gaztetxoekin elkartuko baitziren Amher-Sos Arrazakeria elkarteko kideak, migrazioari buruzko hitz egiteko. Solasaldi interesgarria izan zuten ikasleekin.

Hurrengo astean, Kulturarteko Plaza Feminista izango da neurri batean Migratzeko Eskubidearen aldeko aldarriaren erdigunea. Bihar, 19:00etan, Safia El Aaddam giza eskubideen aldeko ekintzaile antiarrazistak Hija de inmigrantes liburua aurkeztuko du.

Hain justu, hilaren 9tik 18ra, memoriaren maindirea josiko da Kulturarteko Plaza Feministan. Nahi duenak bertara joan eta migrazio politiken erruz hildako pertsonen izenak jostea izango da helburua.

Kulturarteko Plaza Feministan izango da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteko azken ekimena ere: Han eta hemen laburmetraiaren emanaldia eta ondorengo solasaldia, hilaren 16an, 19:00etan.

 

Abenduaren 12an, ostegunean, kalera aterako da migratzeko eskubidearen aldeko aldarria

Migratzeko eskubidearen aldeko aldarriak kalea hartuko duen eguna hilaren 12a izango da. Hain justu ere, egun horretan elkartasun azoka, Migratzeko Eskubidearen aldeko Martxa eta

migrazio politiken erruz hildako pertsonen aldeko lore-eskaintza izango dira.

Etzi, abenduaren 10a Giza Eskubideeen Nazioarteko Eguna da. «Migratzea ere giza eskubide bat dela gogora ekartzeko batuko ditugu indarrak», azaldu dute Udalak eta Amher-Sos Arrazakeriak elkarteak.

 

EGITARAUA

HERNANI

Bihar, abenduak 9: Liburu aurkezpena: Hija de inmigrantes, Safia El Aaddam

(Kulturarteko Plaza Feminista, 19:00).

Abenduak 9-18: Memoriaren maindirearen joskintza (Kulturarteko Plaza Feminista).

Abenduak 12, osteguna: Merkatua (Atsegindegi, 10:30-12:00).

Migratzeko eskubidearen aldeko martxa (Atsegindegitik, 12:30).

Lore-eskaintza (Karabeleko zubia, 13:30).

Abenduak 16, astelehena: Han eta hemen laburmetraia eta identitate aniztasunari buruzko

solasaldia (Kulturarteko Plaza Feminista, 19:00).

Abenduak 30 arte: Ihesa zilegi balitz argazki-erakusketa (Latsunbe Berri pasealeakuan).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!