Bertsoaz gozatzeko aukera zabala izango da abendu honetan ere, beste urte batez Bertso Lata antolatu baitu Hernaniko Paulo Txikiya bertso eskolak. Zazpi jarduerarekin osatu dute egitaraua, eta bertsoarekin lotutako emanaldi oso ezberdinak prestatu dituzte.
Lehenengoa datorren asteazkenean izango da, hilaren 11n. Kasu honetan, Hernaniko ikastetxeetako LH5eko haurrei zuzendutako saio itxia izango da. Unai Gaztelumendi eta Eli Pagola arituko dira kantuan. Ohiko errondek ere izango dute tartea aurtengo Bertso Latan. Abenduaren 24an eta 31n izango dira.
'Izena eta izana', afaria,
jaialdia eta antzerkia
Egitarauaren barruan lau emanaldi nagusi izango dira aurtengoan. Abenduaren 20an izango da lehenengoa, Kontrakantxa gaztetxean. 'Izena eta izana' saio bereziaren hirugarren edizioa izango da, eta (h)asieratik amai(a)erara gozatzeko aukera bermatuta dago. Kantuan arituko dira Asier Azpiroz, Asier Ibarguren, Amaia Iturriotz eta Amaia Agirre, eta Amaia Urbieta arduratuko da gaiak jartzeaz.
Hilaren 28an, berriz, bertso afaria antolatu dute. Txalaparta elkartean izango da aurtengo afaria, Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariekin. Izena emateko zerrendak dagoeneko Aralar, Txili eta Garin tabernetan daude. Afariaren prezioa 35 euro izango da, eta egunean bertan ordaindu beharko dute izena ematen dutenek.
Jaialdi nagusia 2025arekin batera iritsiko da. Urtarrilaren 4an Biteriko areto nagusian abestuko dute Maialen Lujanbiok, Eñaut Martikorenak, Beñat Gaztelumendik, Aitor Sarriegik eta Eneritz Artetxek. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai.
Bertso Lata urtarrilaren 5ean amaituko da, Kaxkoan zehar egingo duten kale antzerkiarekin.