Hernaniko komertzioetako paisaia linguistikoa euskeratu du Doberak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 6a, 00:00

Amaiur Erkizia eta Xabier Ezponda, prozesuan erabili duten gida eskuan dutela.

Dobera Euskara Elkarteak eta Hernaniko Udalak Sustatuta, herriko establezimendu askotan euskeratu dute paisaia. Amaiur Erkizia hernaniarra izan da proiektua gauzatzeko eta jarraipena egiteko arduraduna. 

Hernaniko ostalaritza eta merkataritza establezimendu gehienetako paisaia euskaratu du Dobera Euskara Elkarteak. Hernaniko Udalarekin elkarlanean jarri zuten martxan proiektua, eta Amaiur Erkizia hernaniarra arduratu da prozesua gauzatzeaz eta jarraipena egiteaz. 

2021ean jarri zuen martxan Doberak herriko paisaia linguistikoa eraldatzeko proiektua, baina orain arte ezin izan dute prozedurarekin asmatu: «2021ean sortu genuen gida, baina segituan konturatu ginen jarraipen haundia behar zuela prozesuak. Hasieran herri osoa hartu genuen, eta esperientzia horretatik konturatu ginen eraginkorragoa zela txikitik eragitea», azaldu du Xabier Ezpondak. 

Erkizia Kaxkoko establezimenduetatik hasi zen lehenengo erronda egiten, eta pixkanaka zabaltzen joan da lan eremua: «Pixkanaka joan gara herriko eremu haundiagoa hartzen. Bisitak egin nizkien lehenengo, eta establezimenduetako kideak konpromezuak hartzen joan dira».

Herriko merkatariek eta ostalariek begi onez ikusi dute proposamena, baina Erkiziak nabarmendu du dexenteko jarraipena egin behar izan duela paisaia benetan aldatu arte: «Egia da bisita bat baino gehiago egin behar izan ditudala. Asko daude aldatzeko prest, baina gauzak eginda eman behar dizkiezu. Tabernetako erritmoa, adibidez, oso estua izaten da, eta askok ez dute tarterik euskeratzen hasteko. Azkenean, guk geuk bukatu dugu euren kartak euskeratzen eta diseinuak egiten».  

Ostalaritzan kartak, menuak eta kartelak euskeratu dituzte gehien; merkataritzan, berriz, produktuak izendatzeko txarteltxoak. Hasiera batean 'txorakeriak' diruditen horietan ere lan haundia egin behar izan du Erkiziak: «Ez dirudi aparteko ezer, baina atean 'cerrado', 'empujar' edo 'lunes' jartzen du komertzio gehienetan, eta horrek eragin haundia du iruditerian».

Prozesuak iraun duen bitartean merkatariek eta ostalariek izandako jarrera ere goraipatu du Ezpondak: «Hain harrera ona egiten badute da kontziente direla euskerak duen garrantziaz, laguntza behar dute, eta gu emateko prest gaude, baina badakite garrantzizkoa dela». 

OSTALARITZA MERKATARITZA
Akeit - Arbela eta ordutegia
Aieko - Barruko arbela
Antziola - Ordutegia eta oharrak
Cafe con Flores - Arbelak
Eusko Kebab - Karta
Elkano Taberna - Karta
Gunea - Arbela eta menua
Harresi - Karta eta arbela
Ilargi Taberna - Karta
Kalamona - Ordutegia eta arbela
Karibe - Kartela eta karta
Kixkal - Karta
Latxunbe - Menuak elebitan
Tamer - Karta
Zumardi - Karta
Begira Optika - Ordutegiak
Goxo Belardenda - Kartela
Mariscos Hernani - Ordutegia
Frutas Hernani - Fruten izenak
Etxarri - Ordutegia
Isu - Fruten izenak
Urkia - Fruten izenak
Lili bat - Loreen izenak
Locutorio Vasco Latino -
Kartelak
Marna - Ordutegiak
Nere Bio - Ordutegia
Ortzimuga - Fruten izenak
Xarmant - Kartela
Rosa - Etiketak eta oharrak


Paisaia euskeratzearen garrantzia nabarmendu du Doberak

Proiektu garrantzitsua izan da Doberarentzat, eta egindako lanak duen eragin positiboan jarri du azpimarra Ezpondak: «Hernanin euskeraz bizi nahi dugun asko gaude, eta eskubide bat da zerbitzu horiek euskeraz jasotzea. Horrez gain, establezimenduentzat ere onuragarria da euskerazko eskaintza izatea, gertutasuna eta prestutasuna transmititzen ditu». 

Hernaniko Udalak dirulaguntzak eskaintzen ditu establezimenduetako errotulazioa euskeratzeko. Hortaz, interesa dutenek Euskara Zerbitzura idazteko aukera dute (euskara@hernani.eus eta 943 33 70 29). 

Horrez gain, Doberako kideak prest agertu dira hemendik aurrera establezimenduei laguntza eskaintzeko eta edozein zalantza argitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!