EH Bildu gustura aurrekontuaren lanketarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 00:00

«Mugarritzat jo genezake aurten gertatutakoa, eta Hernaniko EH Bildu, behintzat, pozik eta gustura dago egindako lanarekin».

Hernaniko udalaren 2025eko aurrekontuek aspaldi ez bezalako babesa jaso zuten, pasa den astean, alderdi politikoen aldetik. EH Bilduk horren harira dioenez, «Mugarritzat jo genezake aurten gertatutakoa», eta Hernaniko EH Bildu, «behintzat, pozik eta gustura dago egindako lanarekin».

Izan ere, EH Bilduko udal gobernu taldeak ez ezik, EAJk eta Elkarrekin Podemosek ere bozkatu dute aurrekontu proiektuaren alde, eta PSE-EE abstenitu egin da, baina «azken alderdi horrek ere aitortu du sintonia ona izan duela gobernu taldearekin aurrekontuen inguruko lanketa egiterakoan», nabarmendu du EH Bilduk.

Alderdi abertzaletik gaineratu dutenez, «urtero egin izan dugun moduan, sakon eta errealismoz aztertu ditugu oposizioko udal taldeek egindako eskaerak, euren egingarritasuna edo gauzatzeko aukera erreala neurtuz eta aintzat hartuz. Gure aldetik, akordioetara iristeko borondatez aritu gara, ohi izan dugun moduan, eta aurten, zorionez, jarrera positiboa nabaritu dugu horretarako gainontzeko udal taldeen partetik. Jarrera horrek aukera eman du aurkeztu dituzten proposamen horietako asko aurrekontu proiektura gehitzeko, eta 245.000 euroko aldaketa egiteko gobernu taldeak zuen aurrekontu proposamenean».

Amaitzeko alderdi abertzalearen esanetan, «gure aldetik, nabarmendu behar dugu aurreko urteetan udal taldeen artean ezarrita zeuden harresi batzuk erori egin direla, eta horrek eman duela aukera akordio honetara iristeko. Berretsi nahi dugu hurrengo urteetan ere akordioetara iristeko gure borondate politikoa, ze, azken finean, borondatea badago, ados jartzeko aukera izango dugu. EH Bildun elkarlanean sinesten dugu, jakin baitakigu modu horretan hobeto erantzungo diegula hernaniar guztien beharrei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!