Berriak elkarteak martxan jarriko ditu abenduan Gabonetako kanpainak. Guztira hiru ekimen berezi eramango dira aurrera. Alde batetik, Gabonetako Tonbola izango da. Ekimen honetan izena eman duten komertzioetan erosketa bat egiten duten bezeroek, tonbolarako txarteltxo bat jasoko dute eta momentuan bertan jakingo dute ea oparirik irabazi ote duten. Sari mordoa dituzte prest eta horien artean, herriko komertzioetako produktuekin osatutako bi lote egongo dira. Dinamika hau martxan dago dagoeneko eta abenduaren 31era arte edo txartelak amaitu arte egingo da.
Bestalde, abenduaren 15era arte herritarrek Hernani txartelarekin ordaintzen dutenean, errege-errosko bat irabazteko aukera edukiko dute. Bezeroak Berriak elkarteko komertzio batean, Hernani txartelaren bidez erosketa bat egiten badu, momentuan bertan jakingo du saritua izan ote den eta nongoa den irabazitako pastela. Errege-erroskak okindegi hauetakoak izan daitezke: Antziola okindegia, Adarraga Gozotegia, Dorronsoro okindegia edota OA gozotegia. Irabazitako errege-erroska enkargatu egin beharko da eta merkatariak emango dio bezeroari hori egin ahal izateko informazioa.
Azkenik, aurten ere, haurren parkea egongo da Zinkoenea plazan. Abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra ohe-elastikoak jarriko dituzte, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.