Altxa Burua Hernani egitasmoak, pasa den apirilean, Gurea erabil dezakezu kanpaina abiatu zuenetik zortzi hilabete pasa dira, eta lehen urtearen balorazioa egin dute. «Gurea erabil dezakezu pegatina berdeen kanpaina apirilean abiatu genuenetik, herriko eraikin publiko guztien eta merkataritza zein ostalaritza gune gehienen atxikimendua lortu dugu. Herriko bazter guztietan ikus daitezke pegatinak, eta haurrek ere erabili dituzte gune hauetako telefonoak beharra suertatu zaienean. Jaso ditugun datuen arabera, eraikin publikoetara gehiago jo dute telefonoaren beharra eskatzeko: kiroldegia, kultur etxea eta liburutegia izan dira erabilienak, hain zuzen ere».
Hala ere, atxikitako guneetako arduradunek adierazi dute euren ateak zabalik dituztela haurrek eta behar dutenean laguntzeko prest izango direla. Altxa burua Hernaniren partez, «eskerrak eman nahi dizkiegu atxikitako gune guztiei, baita Ereñotzuko auzo-udalari eta Hernaniko Udalari ere baliabideak errazteagatik».
Egitasmoak aurrera jarraituko du, eta «familiei eskatzen diegu euren seme-alabei hitz egiteko baliabide honetaz. Izan ere, gaur egun, ez daukagu telefono-kabinarik, baina, adimendun mugikorra ez da haur eta gaztetxoentzako alternatiba osasuntsua. Are gutxiago, behar dutena telefono dei bat bakarrik egitea baldin bada».
Beraz, «telefonoa behar baduzu, gurea erabil dezakezu» kanpainak martxan jarraitzen du Hernaniko eraikin publiko eta gune ezberdinetan. Dobera-Kronika elkarte eta egitasmoaren egoitza ere, Larramendi 11 zenbakian, guneetako bat da. Altxa Burua Hernanik WhatsApp kanalerako helbidea ere badu https://labur.eus/Kanala.