Igande arratsaldean jokatu zituzten Kixkalen Hernaniko Xake Txapelketako azken partiduak, eta Jon Altuna 'Oxan' izan zen irabazlea.
Jardunaldi polita osatu zuten azken fasera sailkatutako lau xakelariek. Finalerdietan Joxe Ramon Altunaren aurka irabazi zuen Oxanek, eta Xerpa izan zen beste partiduko garailea. Ondorengo hurrenkeran geratu zen azken sailkapena:
- Jon Altuna 'Oxan'
- Xerpa Hernandez
- Joxe Mari Berrotaran
- Joxe Ramon Altuna
Txapelketa Nagusiko finalekin batera, Haurren Xake Txapelketa Azkarra ere jokatu zuten igandean. Herriko zazpi gaztetxok hartu zuten parte, eta Josu Used izan zen irabazlea.
Bailarako gaztetxoak sendo, Vistaeder torneoan
Larunbat arratsaldean Vistaeder torneoan aritu ziren bailarako zenbait gaztetxo, Irungo Palmera Montero eraikinean. Astigarragako Xake Taldeko Josu Used hirugarren geratu zen, sei partidu jokatu eta lau garaipen eskuratuta. Hugo Lanzek, berriz, laugarren postuan amaitu zuen.
Beste ligaxka batean jokatzea egokitu zitzaion Ekai Legorburu hernanairrari, eta bigarren postuan amaitu zuen torneoa. Oier Gonzalezekin berdinduta amaitu zuen lehiaketa, baina ordenagailuak Gonzalezen alde ebatzi zuen desenpatea.