Duela 20 urte Kronikan

Polizia Nazionala Egin-eko egoitzan sartu zen atzo Eziagon eta zenbait kaja eraman zituzten

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 09:00

Polizia Nazionala kajak ateratzen Egineko egoitza nagusitik.

2004ko abenduaren 3ko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Ertzaintzak eskoltatuta sartu zen Polizia Nazionala atzo goizean, itxitako Egin egunkari eta Egin irratiko abokatuei abisurik eman gabe.

POLIZIA Nazionala Egin egunkariko egoitza nagusian sartu zen atzo, Eziago Poligonoan, Ertzaintzako bi patruilak eskoltatuta. Egoitzatik kaja ugari atera zituen Polizia Nazionalak eta kamioi batean sartu zituzten. Egineko arduradun zenbait egon ziren Eziago poligonoko egoitza aurrean, eta egoitzan sartzearen arrazoiak galdetu bazituzten ere, ez zuten erantzunik jaso, jakitera eman dutenez.

Sei urte dira Egin egunkaria itxi zutena, Audientzia Nazionalaren aginduz, eta dirudienez atzoko sarrera Egin egunkariko abokatuei abisurik eman gabe egin zuten, atzo jakitera eman zutenez.

Sei urtez prezintatua
1998ko uztailean prezintatu zuten Egin egunkaria Baltasar Garzon epailearen aginduz eta oraindik ere prezintatua jarraitzen dute Hernaniko egoitza nagusiak Eziago Poligonoan eta beste gainerako egoitzek. Gasteizko eta Iruñako bulegoetan ere sartu dira Polizia Nazionalak aste honetan bertan, baina, oraindik ez dute jakitera eman zergatia. Egin egunkariaren kasuan 17 lagun daude prozesatuta, baina, oraindik ez da epaiketarik izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!