Ilusioz gainezka sartu da denda txikira. Urduri dago. Marko multitako, Izaskun, esan dio amak. 38 zenbakia. Bere lehenbiziko futboleko botak dira. Eta Izaskun zapata kaxez beteriko labirinto handi batean galdu da haien bila. Kirol denda txikiko atetik jendea sartu-irten jarraian ari da. Begiak apalez apal doaz saltoka. Mundu bat irekitzen da pareta estuen artean. Mendiko botak, korri egiteko zapatilak, Altus motxilak, Sancheskirako gurpilak, pinponeko palak, eskupilotako pilotak, eskubaloiko eta errugbiko baloiak, Adidas galtza marradunak, kiroletarako jertseak, saskibaloiko zapatilak, gimnasia erritmikoko zinta, futboleko botak... Marko multitako, 38 zenbakia. Hemen dituzue, esan die Izaskunek. Ilusioa eskuz esku doa Izaskun Kirolak dendan.
Izaskun Iturrioz Sarasuak Izaskun Kirolak denda ireki zuen 90eko hamarkadan, Hernaniko Elkano kalean. Aurretik koloretako hari-matazez beteriko txoko ederra izan zena, kirolaren unibertso txiki bat bilakatu zuen ausardia handiz. Eta bere burua birziklatu, ikasi eta moldatu behar izan zuen hura aurrera ateratzeko. Izaskun Kirolak dendako apalen artean mundu eder bat sortu zen kirola maite zuen hernaniarrarentzat.
Kirol denda handien etorrerek itzali arazi zituzten bat-batean Izaskun Kirolakeko argiak. Belaunaldi kirolzale askoren ilusio iturri izan zen dendari giltzarrapoa jarri behar izan zion Izaskunek min handiz. Eta harekin batera joan ziren Hernaniko kirol talde ezberdinei egindako babesletzak, erreferentziazko denda bat eta herritarrak gertutasunean eta konfiantzaz artatzen zituen unibertso txiki eta eder bat.
Dendako argiak itzali ziren modura utzi gaitu Izaskunek egun hauetan. Bat-batean joan da, agur esateko aukerarik eman gabe. Elkano kalean gora goazela, begiek oraindik ere Izaskun Kirolak izan zenaren erakusleihoa irudikatzen dute. Hernaniko kirolarien ametsak pilatzen ziren dendaren kanpo aldean. Barruan, Izaskun irudikatzen dugu bezeroa, laguna askotan, irribarre batekin agurtuz.
Mila esker, izeba, ametsak betetzen laguntzeagatik.