Ikusmin haundia piztu zuen, ostegun arratsaldean, Hernani Burujabek antolatutako mahai inguruak: parke eolikoen auziaz aritu ziren Aritz Otxandiano (Otxandioko energia komunitateko kidea) eta Alain Arruti (Euskal Herria Bizirik taldeko kidea). Lepo bete zen Sandiusterriko aretoa, eta askok zutik entzun zuten bi orduko saioa.
Irati Sarasua kazetariak gidatuta, aurkezpen orokor batekin ekin zioten saioari bi hizlariek. Arrutik azaldu zuen errekurtso ona izan litekeela energia eolikoa, aldaketa klimatikoak dakarren arriskuari aurre egiteko; baina «zertarako» jartzen diren aztertu behar dela: «Behar duguna da plan estrategiko bat, gaur egun ez dagoena. Urtez urte ari gara gainditzen CO2 isurien errekorrak, nahiz eta urtez urte parke eoliko gehiago izan. Bien artean ez dago korrelazio determinanterik. Estrategiarik gabe, korporazio haundiak planteatzen ari diren proiektu eoliko hauek balio dute krisi klimatikoari aurre egiteko? Ez, balio dute Europak erregai fosilekiko daukan dependentzia arintzeko. Europaren plan estrategikoarentzat izan daiteke baliagarria agian, baina krisi klimatikoari aurre egiteko ez dira soluzio bat».
Otxandianok, bere aldetik, azaldu zuen erregai fosilak direla lurraren berotzearen kausa nagusia, eta «20 urte» dauzkagula haiekiko mendekotasuna alboratzeko. «Soluzioak bi adar nagusi dauzka. Batetik, zalantzan jarri behar dugu honaino ekarri gaituen garapen eredua, ezin dugu etengabe hazten jarraitu finitoa den mundu batean. Eta bestetik, matrize energetikoa eraldatu behar da, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatuz. Ezinbestekoa da berriztagarriak desplegatzea eskala guztietara, eskala txikiarekin bakarrik zoritxarrez ezin ditugulako herritarrentzat bizi baldintza duinak bermatu. Hori ezin da edozein modutan egin, hiru baldintza bete behar dira: lidergo publikoa izatea, lurralde plangintza bat egitea, eta energia komunitate txikiak ere horren parte izatea».
Arrutiren ustez, horrek joan behar luke «aldaketa klimatikoari aurre egiteko kontingentzia plan osatu baten barruan». Ados azaldu zen, kasu horretan herritarren eskutik joan behar lukeela energia berriztagarrien inplantazioak, «baina gaur egun %95a da pribatua». Eta adierazi zuen, eskala txikiarekin nahikoa ez izan arren, bertatik abiatu behar dela.
Horri erantzunez, Otxandianok nabarmendu zuen «inplikazioaren beharra» dela eskala txikiaren arazoa: «Herritar batzuek hartzen dute parte, beste batzuek ez, eta ezin duzu inor behartu energia komunitatean parte hartzera». Horretan «dikotomia faltsu bat» dagoela erantzun zion Arrutik: «Ezin da behartu energia komunitatean parte hartzera, baina bai espropiazioen bitartez lurrak saltzera, parke eolikoak egiteko. Auzi politikoa dago hor».
Horren harira, Otxandianok adierazi zuen, ardura nagusia herritarrengan ez egon arren, norbanakoaren ardura ere badela deskarboniazioa: «Herritar gehienek daukagu gaitasuna etxeko teilatuan eguzki plakak jartzeko, eta diru bat bideratu behar genuke horretara».
Pribatuaren eta publikoaren arteko talka, auzitan
Parke eolikoen kokapena aukeratzeko ezaugarri eta baldintzei buruz, Otxandianok azaldu zuen «berandu eta gaizki» goazela lurralde antolaketarekin, PTS (Plan Territorial Sektoriala) egokirik ez dagoelako: «Multinazionalak datoz, eta planteatu ditzakete proiektuak nahi duten tokian. Horrela sortu da alarma, normala den bezala. Behar da benetako lurralde antolaketa bat, zehazteko zein diren toki egokiak energia berriztagarriak ezartzeko». Arrutiren ustez, berriz, PTS egokirik ez izatea bada «nahikoa arrazoi» proiektuak paralizatzeko, eta lurralde antolaketak joan behar du beste lan ildo askorekin batera: «Kontsumoa murrizteko lan ildoa, parke naturalak kontserbatu eta berregituratzekoa, desmilitarizatzekoa...».
Publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida ere jarri zuten mahai gainean, eta Otxandianok azaldu zuen azpiegitura horien «zati haundi bat» izan beharko litzatekeela publikoa, «baina zoritxarrez enpresa pribatuak ere behar dira, baliabiderik ez dagoelako. Jabetzan egin behar da borroka, ahalik eta zati haundiena kentzeko multinazionalei, erakunde publikoen edo energia komunitateen esku jarriz». Arrutiren iritziz, hori ez da posible «transformazio politiko sakonik gabe. Erabat hankaz gora jarri behar genuke egungo ordena politikoa. Badaude lehengaiak, baldintza objektibo eta subjektiboak, proiektu politiko iraultzaile bat planteatzen hasteko». Izan ere, nabarmendu zuen historiak erakutsi duela, krisi egoeretan sortu ohi direla erroko aldaketak bilatzen dituzten joerak, indarrean dagoenaren kontrakoak.
Herritarren partehartzearen haritik tiraka, Otxandianok adierazi zuen enpresa pribatuei eskatu behar zaiela tokiko eragileak hasieratik izan daitezela prozesuaren parte, eta elkarrizketarako prest egon behar dutela; baina tokiko komunitateen partetik ere «erantzunkidetasun jarrera» eskatzen duela horrek. Arrutik azaldu zuen tokiko komunitateen «ahalmen erreala» behar dela horretarako, eta gaur egun ez dela posible.
Gainera, EH Bizirik taldeko kideak nabarmendu zuen eremu lokalean horrelako proiektuak egiteak ez daukala eraginik aldaketa klimatikoan: «25 urte daramazkigu energia berriztagarriak inplantatzen, baina 1985ean argindarraren %60 ekoizten zen energia fosiletatik, eta gaur egun ere hala da. Produkzioaren planifikazioa egiten denean hasiko gara aurre egiten aldaketa klimatikoari». Otxandianoren iritziz, «norberak bere ardura hartzean» dago soluzioa: «Tokian toki kontsumitzen dira energia fosilak, eta tokian toki ordezkatu behar dira berriztagarriekin». Nafarroa jarri zuen adibide gisa, adieraziz EAEn baino proiektu eoliko gehiago bultzatu direla bertan, eta Nafarroan kontsumitutako energiaren %80 ekoizten dela lurraldean.
Horren aurrean, inpaktu positibo eta negatiboen oreka neurtu behar dela nabarmendu zuen Arrutik: «Ez da zentzuzkoa mendiak izorratzea, ez badugu ziurtatzen horren traszendentzia. Litzateke gure ingurunea txikitzea, aldaketa klimatikoari aurre egiteko anbiziorik gabe».