Gaur kontzertuak eta egun haundia 7an, Kontrakantxan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 30a, 00:00

Gaur gauean Leiotikan eta Hernaniko 'he Mamones taldeak gaztetxean, 23:00etatik aurrera.

 

Hasi berri da urteurren festa Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean, eta atzoko afari sozialean indarrak hartu ondoren, kontzertuen txanda izango da gaur, Leiotikan eta The Mamones taldeekin. Azken hauek Hernaniko musikariak dira eta estreinakoz arituko dira gaztetxean. Kontzertuetako tiketak momentuan bertan jarriko dituzte salgai, 20:00etan gaztetxeko sarreran. 

 

Abenduak 5, osteguna

Ostegunean Kontzertu akustikoa eskainiko dute Noa Sarriegi eta Nora Etxebarria hernaniarrek, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ondoren, solasaldia egingo dute, eta bertan, gaztetxearen inguruko anekdotak eta bitxikeriak kontatuko dituzte zenbait kidek. Osteguna izanda, solasaldia pintxopotearen laguntzaz egingo dute.

 

Egun haundia 7an

Datorren larunbatean izango da Kontrakantxako urteurrenaren festa haundia. Egun osoko egitaraua antolatu dute abenduak 7rako: sagardo dastaketa, bazkaria, musika, dj-ak, txaranga, jolasak, txupinazoa...

Eguerdiko 12:00etan hasiko da eguna, sagardo dastaketarekin batera. Plaza Berrin egingo da, eta bailarako sagardo ezberdina probatzeko aukera izango da. Jarraian, eta jada martxa hartuta, bazkaria egingo dute gaztetxean, denak batera. Hasi aurretik txupinazoa ere botako dute, 18 urte ez baitira egunero betetzen. Ondoren, Kitadelpare txarangarekin joango dira gazteak kaxkoan barrena.

22:00etan hasiko dira gaueko kontzertuak, Ostikoka eta Habemus Papam taldeekin. Eta hortik aurrera.... jarrai dezala festak Dj-ekin.

Asanbladako kideek gogoratu dute larunbateko tiketa erosteko aukera dagoela Goiz Argi eta Txili tabernetan, 15 euroren truke kamixeta eta bazkaria eskuratu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!