Aurreko urteko greba feminista gogora ekarri eta bertako aldarrikapenak mahai gainean jarri zituzten atzo Tilosetan Koordinadora Feministatik. Ondorengo idatzia aldarrikatu zuten:
«Bizitzak erdigunean jartzeko borrokan, behin eta berriro salatu dugu egungo sistemak gutxi batzuen mesedetan ekiten duela, gure burua, komunitate eta bizi garen inguruaren suntsiketa eraginez. Argi esan dugu: zaintzak irauli, dena aldatzeko. Zaintza sistemaren aldaketa jarri dugu ortzimugan, baita egungo sistemari alternatiba eskaini ere, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatuz. Zaintza erregimen patriarkal eta kapitalista salatzeko, instituzioak, patronala eta gizonak interpelatu ditugu, gure bizkarrera negozio gehiagorik egin ez dezaten».
«Mezu hau Euskal Herriko gehiengo sozialean txertatzeraino iritsi gara, horren adierazle, orain dela urtebete deitu genuen Greba Feminista Orokorraren arrakasta. Hasi dugun bide honetan zalantzarik gabe inflexio puntu handia izan zen greba: kaleak hartu genituen zaintza eskubide kolektiboaren alde sistemaren zaparrada guztien gainetik. Historikoa izan zen, plazak, kaleak, frontoiak, kulturguneak… Manifestazioz, zaintza gune kolektiboz, bazkari herrikoiez, eta bereziki, aldaketarako pasioz bete genituen».
«Asko ikasi dugu, zaintza lanek zeharkatzen gaituzten subjektu desberdinon arteko aliantzak estutu dira, eta ikusi dugu zein garrantzitsua den bazterrean gaudenon artean zubiak eraikitzea, esperientziak partekatzea».
«Ikasi dugu, borroka honetan zapalduak eta zapaltzaileak garela, eta hortik ere borrokatu daitekeela, borrokatu behar dela, interdependentziaz jabetuz eta beste batzuen ondoan izan dezakegun pribilegio egoeraren aurrean ardura hartu. Bakoitzak dagokion lekutik agente aktibo izan behar dugu honetan».
«Etengabe ikusi dugu, PNV, PSE eta UPNren gobernuen joko zikina. Gure borrokari aitortzarik eman ez, gurekin mahai batean elkartzea baztertu eta gainera, gure termino eta borroka erabiltzen. Gure proposamenak edukiz hustu dituzte eta sistema betikotuko duen proposamenak aurkeztuz. Bai, interpelatu ditugu, erantzun bat emateko presioa sentitu dute eta erantzunkizunez jokatzea exigitu diegu eta exigitzen jarraituko dugu».
«Ez dugu helburu xamurra jarri, egungo sistema errotik aldatzea ekarriko duen proposamena plazaratu dugu eta honetarako, zaintzak erdigunean jartzeko ardura sektore guztietatik eman beharrekoa dela argi dugu. Guk lanean jarraitu dugu, sektorez sektore ari gara; berdintasun teknikarien sarea, sindikatuen mahaiak, pentsionisten mugimendua, etxeko eta zaintza langileen eragileekin elkarlana, herri eta auzoetako komiteak…».
«Baina, ez gara nekatuko erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitzeaz. Zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten neurri eraginkorrak behar ditugu orain. Beraz, mezua argia da: utzi iezaiozue zaintzarekin negozioa egiteari! Bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak eta urgentziazko egoerei berehalako erantzunak ematea behar dugu».
«Bizitza erdigunean jarri nahi dugula diogunean, guztion bizitzak sostengatzen dituzten jardueren kontrolaz eta demokratizazioaz ari gara. Zaintza erantzukizun kolektiboa izan behar da, eta zaintza-sistema berriak bizitza sortzen den eremu guztiak egituratzeko gai izan behar du. Gizonek, ardura berezia daukate, ez zaintzeko pribilegiotik mugitu eta ardura kolektiboen alde posizionatuz. Pasibotasunak ez digu balio, eraldaketa emateko bidea orain eta hemen behar dugu».
«Guk argi dugu posible dela eta hortan ari gara. Saretzen eta artikulatzen jarraituko dugu, herriz-herri eta auzoz-auzo antolatuz. Bizitzaren aldeko apostu erradikala eginez. Denon bizitzak erdigunera eramaten ari gara!».
Gaur elkarretaratzea eta poteo girotua, Donostian
Bestetik, gaur, 12:30etan elkarteratzea izango da Bulebarrean Zaintza publiko eta komunitarioaren alde, borrokak darrai, lelopean. Ondoren poteo girotua.