Elkarrekin Podemosek Goiz Eguzkiko ginkgoa babestea eskatu dio gobernu taldeari. Goiz Eguzkiko ginkgoa, zuhaitz berezi gisa katalogatuta dago. Katalogazio horrek Naturgune Babestu bihurtzen du ginkgoa, eta Monumentu Natural izendatzen du. Ehun urtetik gorako zuhaitza da eta «gure herriak asko maite duena».
Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak zuhaitz bereziaren figura ezartzen du, beren tamaina, adin, historia, edertasun edo kokapenagatik nabarmentzen diren aparteko ezaugarriak dituzten zuhaitz-aleak babesteko.
265/1995 Dekretuaren 4. artikuluak dioenez, babes-eremu periferikotzat hartzen da adaburuaren proiekzio-eremua eta haren inguruko 3 metroko lur-zerrenda.
Horri erreparatuta Elkarrekin Podemosen esanetan «duela aste batzuk, makineria astuna sartu zen Goiz Eguzki parkearen aldameneko lursailean, eta landaretza suntsitu zuen. Babestutako eremuan sartu zen, zuhaitzaren sustrai horizontalak arriskuan jarriz».
«Gobernu talde honen
lehentasunen artean ez dago
natura ondarea zaintzea, kontserbatzea eta birpopulatzea»
Podemosek gobernu taldeari ohartarazi dio «legeak ezartzen dituen esku-hartzeak egin behar direla ginkgoaren inguruan, zuhaitza eta haren sustraiak ez kaltetzeko. Oraingoz ez da ezer egin». Horrek adierazten omen du, «beste behin, gobernu-talde honen lehentasunen artean ez dagoela natura-ondarea zaintzea, kontserbatzea eta birpopulatzea. Horren erakusgarri da zuhaiztien ordenantza ez dagoela oraindik idatzita, nahiz eta 3 urte baino gehiago igaro diren idatzi behar zela onartu zenetik». Alderdi morearen esanetan, «zuhaitza beharrezko izaki bizia da, eta, aldi berean, babesgabea; gure natura-ondarea babestu dezagun».