Burujabetzen Eguna bihar, Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 29a, 00:00

Bigarren urtez jarraian antolatu du Hernani Burujabek, goizean zehar eta Gudarien Plaza izango da erdigunea.

 

Burujabetzen eguna egingo du bihar Hernani Burujabek, iaz egin zen moduan, non sektoreek (energia, zaintza, bioaniztasuna, moneta, etxebizitza, elikadura, telekomunikazioak eta hezkuntza) aurten egindakoaren berri emango duten, eta datorren urterako dituzten asmoak azalduko dituzten. 10:30etan hasiko da sektoreen arteko «kultur bira», eta 12:30etan luntxa egingo dute Gudarien Plazan.

Hernani Burujabe herriratzeko eguna izango da, eta festa giroan elkartu eta adiskidetzekoa. Aurten ere, herriko kulturgileen laguntza izango dute Burujabetzen egunean: sortzaile bana egongo da postu bakoitzean, eta denen artean (azalpenak eta kultura nahastuz) egingo dituzte aurkezpenak. 

Bertan egongo diren kulturgileak honakoak izango dira: Andoni Martinez de Ustaran magoa, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea, Uxue Apaolaza idazlea, Markel Oiarzabal Zapotxin pailazoa (aurkezle lanetan ere ariko dena), Izaskun Lapaza dantzaria, Xabi San Sebastian musikaria, Gorka Olazabal Paxo umoregilea, eta Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal bertsolariak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!