Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren lekuko izan zen Kulturarteko Plaza Feminista hirugarren aldiz, azaroaren 7tik 17ra. Edizio honetan, memoria izan zuen ardatz zinemaldiak eta 700 lagun baino gehiago bertaratu ziren Hariak zinemaldira. Antolatzaileek, dokumentalen zein solasaldien balorazio «oso onak» egin dituzte.
Bye bye, Tiberias edo M.I.A lanek, adibidez, artxibo pertsonalek duten garrantzia erakutsi dute. Writing with fire edo La memoria infinita-n protagonistek utzitako une esanguratsuen zuzeneko grabazioen berri eman dute.
Poliziaren zigorgabetasuna edo legearen erresistentzia-sareek duten garrantzia erakutsi dute Gau hura (Altsasu) eta Samba, un nombre borrado dokumentalek. Ahizpatasuna eta emakumeen arteko aliantzak izan dira Mothers, Mrs. F eta Arnasa betean-en ardatzak.
Lurra edukitzeko eskubidea eta kapitalaren aurrean bizitza duinak izateko eskubidea izan ziren hizpide La vie d ́une petite culotte eta Ocupar, resistir e produzir! lanetan.
Solasaldiak, hariak
josteko aukera
Proiekzioen ondoren, gonbidatuek hariak josi zituzten: Palestinako eta tamil herriaren genozidioak ikusarazi zituzten Olga Rodriguezek eta Gontzal Martinez de la Hidalgak.
Poliziaren zigorgabetasuna lehen pertsonan kontatu zituzten Adur Ramirez de Alda Altsasuko gazte auzipetuak eta Mahmoud Traorék, migrazio-politikek eragindako hildakoak ikusaraziz.
Bertako memoria historikoa egitera hurbildu ziren Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin, baita Bertha Gaztelumendi ere.
Ramia Chaoui eta Hayar Abderrahman Jaima Maternaleko kideek eta Ebbaba Hameida kazetariak testuinguru batzuetan emakume izateak dakartzan zailtasunak eta horren inguruan sortzen diren erresistentziak azaldu zituzten.
Setem-Hego Haizea elkarteak kontsumo ereduen bidezko alternatiba eta erresistentziak ekarri zituen.
Hariak Lua Matheus eta Rodrigo Mota brasildarren musikarekin hasi zen, MST-ren feira bat itxuratuz. Zinemaldia Quinndy Akejuren afrodantza saioarekin bukatu zen.
2025ko azaroan gehiago
Hauek izan dira 2024ko Hariak zinemaldiak, hirugarren edizioan, josi dituen harietako batzuk. Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren laugarren edizioa 2025eko azaroan izango da.