Duela 21 urte Kronikan

Amabirjina Hernaniko 1.350 etxeetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 27a, 09:38

Andra Mari Mirarigilearen elkarteko zuzendaritza. Eskubian aurreko lehendakaria, eta ondoan berria.

2003ko azaroaren 27ko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Andra Mari Mirarigilearen Elkarteak 80 urte bete ditu aurten. Gaur, Andra Mari Mirarigilearen eguna, Hirurreneko errosario eta mezak izango dira gaur.

Sandiusterrin eta San Juan Bautistan errosarioak eta mezak izango dira gaur Andra Mari Mirarigilearen eguna dela-eta. Sanduisterrin 11:30etan errosarioa eta 12:00etan meza. Juan Bautistan 18:45 errosarioa eta 19:00etan meza.

Hirurrena gaur bukatuko da, baina, Amabirjinarenganako debozioak hernaniar askoren bihotzean jarraituko du. Ehundaka urteko ohiturari eutsiz, gaur egunean Andra Mari Mirarigilea 1.350 etxeetan hartzen dute Hernanin. Amabirjina egun batean egoten da etxe bakoitzean, gehiago egoteko motiborik ezean.

Hirurogei pertsona (emakumeak denak) arduratzen dira Amabirjina etxe guztietara iristeko lanaz. Horiek denak eta beste jende gehiagok Andra Mari Mirarigilearen Elkartea osatzen dute. Elkartea 1923ko apirilaren 16an sortu zen, orain dela 80 urte, eta Hernaniko elkarte zaharrenetakoa izango da, zaharrena ez bada. Orain dela 11 urte beren estatutu eta abarrekin legeztatu zuten, eta joan den osteguneko batzarrean lehendakari berria aukeratu dute.

Andra Mari Mirarigilearenganako debozioa emakumeen bidez iritsi da batez ere, eta horrela jarraitzen du, nahiz eta Elkartea erabat irekia izan eta gizonezkoak ere egon.

Andra Mari Mirarigilea beti behartsuei lotuta egon izan da, Elkarteko kideek Kronikari adierazi diotenez. Mendeetako tradizioa du eta beti harreman estua izan du herriko ospital edo erresidentziarekin. Gaur egun Milagrosa denak kapila izateari utzi zionean, Elkartea Sandiusterrin egon izan da, eta gaur egunean Inmakuladako areto batean dago.


Laguntza benefikoak

Amabirjina etxean hartzearekin batera nahi duenak borondatea ere uzten du. Jasotako borondate hori, eta kantitate inportantea da, helburu benefikoetarako erabiltzen du Elkarteak: gosearen kontrako borrokarako, misiotarako, herrian bertan beharrean dauden jendearentzako Karitasen bidez, hondamendietarako eta abar.

Andra Mari Mirarigilearen Elkartea Gipuzkoan ia herriero dago, baina, Hernanin dago debozio gehientsuena.

Elkarteak Amabirjinaren kalendarioa ere ateratzen du urtero eta nahi duenak Inmakuladan izango du astebarruan 10:30etatik 12:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!