Xenki Arruarte Errazkinek irabazi du Hernaniko haurren xake txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 27a, 00:00

Igandean honetan, 16:00etan, helduen txapelketako finalak jokatuko dira Kixkalen.

Xenki Arruarte Errazkin izan da irabazlea, aurreko astean amaitu zen Hernaniko haurren Xake txapelketan. Sei jokalariren artean, Xenki Arruarte nagusitu zen, eta Josu Used izan zen azpitxapeldun, soilik txapeldunaren aurrean galdu baitzuen berak. Segidan sailkatu ziren Asier Eizagirre, Iraitz, Eki eta Pol.

Bestetik, igande honetan, abenduaren 1ean, jokatuko dira helduen Hernaniko Xake Txapelketako finalak, arratsaldeko 16:00etan Kixkal tabernan.

Bost astetan jokatu den ligaxkan, lehenenego lau sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak eta finala. Honako jokalariak dira finalerdietara sailkatu direnak: Xerpa Hernandez, Joxerra Altuna, Oxan Altuna eta Joxemari Berrotaran.

16:00etan hasiko dira finalerdiak: Xerpak Berrotaranen aurka jokatuko du aurrenekoa, eta bigarren finalerdian bi altunarrak, Joxerra eta Oxan, izango dira aurrez aurre. Finalerdietako irabazleek jokatuko dute final haundia, eta galtzaileak, berriz, hirugarren eta laugarren postuen lehian ariko dira, 18:00etatik aurrera.

Haurren txapelketa azkarra ere jokatuko da igandean

Helduen finalerdi eta finalekin batera, nahi duten haur guztien artean txapelketa azkarra jokatuko da, igandean bertan, 16:00etan Kixkalen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!