Familia Gunean izena emateko epea ireki zuten astelehenean, eta abenduaren 6ra arte izango da horretarako aukera. Familia Gunea 0 eta 9 urte arteko haurrak dituzten familiak elkarrekin egoteko «espazio goxoa eta eredu hezitzaile positiboa sustatzeko gunea» izango da, Gartzia Goldaratz kaleko 7garren zenbakian. Abenduaren 19an irekiko ditu ateak.
Zerbitzua doakoa izango da, baina erabiltzeko beharrezkoa izango da izena ematea. Proba pilotua izango da lehenengo urte honetakoa, eta 60 familiak izango dute Familia Gunea erabiltzeko aukera. Izenemate epean kopuru hori gaindituko balitz, zozketa egingo litzateke.
Familia Gunea egunero egongo da zabalik, urte osoan zehar: astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; egun horretan 11:00etatik 20:00etara izango da.
Espazioaren aforoa 36 lagunekoa izango da, eta heldu erreferente bakoitzak gehienez hiru umerekin egon ahal izango du bertan. Familia bakoitzak giltza izenduna izango du Familia Gunera sartzeko. Giltza horrengatik, 15 euroko fidantza ordaindu beharko dute, giltza itzultzean bueltatuko dietena.
Udalaren eta gurasoen arteko elkarlana
Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak bi bilera ireki egin zituen, parte hartu nahi izan zuten gurasoekin, Familia Guneak nolakoa izan eta nola funtzionatu behar zuen diseinatzen hasteko. Izan ere, Udalaren proposamena izan da «espazioa elkarrekin eraikitzea». Saio horietatik, guraso bolondresen eta Udalaren artean Talde Eragilea osatu da.
Talde Eragile horrek zehaztu ditu Familia Gunearen gutxieneko erabilera arauak. Izan ere, erabiltzaileek, gunea erabiltzearen truke, zenbait ardura ere hartu beharko dituzte. Besteak beste, honakoak: errespetua, tratu ona, materiala zaintzea, espazioa txukun mantentzea...
Familia Gunea erabiltzeko aukera izango duten familiek abenduaren 11n bilera egingo dute, erabileraren inguruko azalpen guztiak jasotzeko.
Izenematea familiaka egin behar da, labur.eus/fGbTG atarian; eta informazio gehiagorako gazteria@hernani.eus helbidera idatzi daiteke, edo 943 33 70 41 telefonora deitu.