Elkarte Arteko Mus Txapelketako finala ostegunean, Karobin

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

Hurrengo egunean emango diote amaiera txapelketari, sari banaketa eta partaide eta laguntzaile guztien arteko afaria eginez.

Ostegun honetan jokatuko da Elkarte Arteko Mus Txapelketako final haundia. Hirugarren eta laugarren postuak ere izango dira jokoan, eta egun bat beranduago emango diote amaiera txapelketari, sari banaketarekin eta afari goxo batekin.

Finalerako sailkatutako taldeak Santa Barbara A eta Santa Barbara B dira. Finalaz gain, Goiz Eguzki A eta Sagastialde B taldeen artean ere izango da jokoa, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko baitira haien artekoan. 

Azaro hasieran jarri zuten martxan Hernaniko XXXVIII. Elkarte Arteko Mus Txapelketa; aurtengoa, Karobi elkarteak antolatuta. Aurreko astean izan ziren finalerdietako partidak: Santa Barbara A eta Goiz Eguzki A semifinal batean, Sagastialde B eta Santa Barbara B bestean. 

Finalen hurrengo egunean, ostiralean, amaiera emango diote txapelketari, Karobi elkartean. Sari banaketa eta partaide eta laguntzaile guztien arteko afaria egingo dute bertan. Txapelketako antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete txapelketa aurrera atera dadin lagundu duten guztiei: Itxas-Buru sagardotegia, Altzueta sagardotegia, Aralar taberna, Hator aseguruak, Portalondo, Larre Gain sagardotegia, Gastrokontu eta Hernaniko Udala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!