Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da eta abenduaren 9ra bitarte egongo da parte hartzeko aukera. Lanak Biteri Kultur Etxean edota kultura@hernani.eus helbide elektronikora bidali daitezke. Irabazleak 700 euroko saria jasoko du: 350 euro eskudirutan eta gainerakoa, Berriakeko establezimenduetan baliatzeko.
Lana aurkeztearekin batera, ezinbestekoa izango da egilearen datuak aurkeztea. Kartela aurrez aurre aurkeztuz gero, aparteko gutunazal batean aurkeztu beharko dira datuak.
Lehiaketako oinarriak
Parte hartzaileek zenbait oinarri bete beharko dituzte lehiaketan parte hartuz gero.
16 urtetik gorako pertsona orok parte har dezake lehiaketa honetan. Lehiakideak aurkeztu dituzten obren erantzule izango dira jabetza intelektualaren ondorioetarako, baita aurkez litekeen edozein erreklamazioren aurrean ere, irudi eskubidea barne. Ez da onartuko elkarrizketa-laguntzaile edo adimen artifizial sortzaile bidez egindako lanik. Bestalde, idatzizko eta irudi bidezko komunikazioan, hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatuko da.
Lan fisikoari dagokionez, lanen goiko aldean 'HERNANIKO INAUTERIAK 2025' esaldia jarri beharko dute egileek ezinbestean. Jatorrizko kartelek 32 zentimetroko zabalera eta 48 zentimetroko altuera izango dute; ezinbestekoa da formatu digitalean aurkeztea. Eta aukerakoa, paperean edo/eta kartoi-lumazko euskarrian, kolore orotan eta edozein modalitate artistikoan. Formatu digitalean, 300ppp-ko erresoluzioan eta CMYK erako koloreetan aurkeztu behar da.
Oinarri guztiak ikusi ahal izateko, www.kultura.hernani.eus webgunera jo dezakete interesa dutenek.
Lehiaketako irabazlea
Kartel sariduna 2025eko urtarrilaren 13an iragarriko da. Inauterietako Jai Batzordeak lehen lau kartelak aukeratuko ditu, eta ondoren, herritarrek bozka emateko aukera izango dute, presentzialki eta online. Pertsona bakoitzak bozka bat emateko aukera izango du.