Aurkari gogorrenen aurka jokatu aurretik, garaipen ona Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

Beñat Arizetak egun ona izan zuen gauzatzeetan.

Gijon 62-13 gainditu zuen igandean eta bost partiduetan lau garaipen lortu dituzte hernaniarrek.

 

Hernanik laugarren garaipena, bost jardunalditan, lortu zuen igandean Gijonen aurka. Erraz, 62-13 nagusitu ziren hernaniarrak, baina azken markagailuak ez du erakusten lehenengo zatian izan zen lehia. Atsedenaldira 22-13 joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian jaun eta jabe izan ziren trikoloreak eta garaipen berri honekin laugarrenak dira sailkapenean 19 punturekin. Aurretik partidu guztiak irabazita, daude Universitario Bilbao (24 puntu), Gernika (23 puntu) eta Belenos (23 puntu). Hernaniren atzetik, Getxo bosgarrena da (15 puntu) eta Santander, seigarrena (14 puntu).

Orain arte goiko aldean dauden taldeek apenas ez dute partidurik jokatu euren artean, Getxo izan da Gernikaren eta Hernaniren aurka jokatu duen talde bakarra. Santanderrek ere Universitario Bilbaoren eta Gernikaren aurka jokatu ditu bi partidu. 

Abenduaren 8an, Hernanik bisitatuko du Kantabriako hiriburua, San Romanen jokatzeko. Zazpigarren jardunaldian La Unica izango du aurkari Hernanik, eta zortzigarren jardunalditik hasiko dira partidurik zailenak jarraian Gernika, Universitario Bilbao eta Belenosen aurka jokatu beharko dutelarik. Santanderrekoa ere partidu zaila izango da.

 

Haizearen indarra hartu zuen Hernanik bigarren zatian

Hala ere, Gijonen aurkako partiduak bost puntu garrantzitsu batzeko balio izan zuen. Kostatu zitzaien etxekoei partidua erabakitzea. Zortzigarren minutuan Hur Garmendiak ireki zuen markagailua eta Beñat Arizetaren gauzatzearen ondoren, azkar erreakzionatu zuten bisitariek eta markagailua berdintzea lortu zuten (7-7). Iker Eizmendik egin zuen bigarren ensaioa 17garren minutuan, baina 34garrenean markagailua 12-10eko alde estuarekin zegoen Hernaniren alde. Beste bi ensaio egin zituzten trikoloreek (Beñat Arizeta eta Ekaitz Arrozpide) atsedenaldira iritsi aurretik (22-13).

Partidua bigarren zatian apurtu zen. Hernaniren erauntsia, zegoen haize indartsua balitz bezala, iritsi zen Landarera. Guztira sei ensaio gehiago egin zituen Hernanik Beñat Etxarriren, Einar Arratibelen, Jon Ander Zapiainen (2), Anartz Elosegiren eta Markel Lacadenaren eskutik.  Horietatik bost gauzatu zituen Arizetak. Gainera, Gijonek ez zuen punturik lortu bigarren zati horretan eta azken markagailua 62-13koa izan zen Hernaniren alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!