Ikuskizun ederra espero zen igande eguerdian, Hernaniko kiroldegian; eta ez zuen hutsik egin: goi-mailako partidua jokatu zuten Hernanik eta Udapa Jatorkidek, Euskal Ligako lidertzaren lehian. Azkenean, gasteiztarrek lortu zuten garaipena, eta sailkapenaren buru dira, berdinketa hautsita: 22 puntu dauzka Udapa Jatorkidek, eta 21 Hernanik eta Navarvoleyk.
Primeran ekin zion partiduari Hernanik, etxeko zaleen berotasuna lagun, bonbo hots eta guzti. 25-15 irabazi zuten aurreneko jokoa, eta bigarrenean gasteiztarrek partidua orekatu arren (17-25), berriro hartu zuten aurrea hirugarrenean (25-21). Joko bat gehiago behar zuten hernaniarrek, garaipena etxean geratzeko; baina hortik aurrera arabarrak izan ziren nagusi: 9-25 irabazi zuten laugarrena, partidua berdintzeko; eta desenpatean ere ez zieten aukerarik eman hernaniarrei (7-15). Hortaz, azkeneko bi jokoetan egin zien ihes partiduak hernaniarrei, eta horrekin batera, baita lidertzak ere.
Gasteizen ariko dira datorren asteburuan, Ekialderen kontra.