Bihar hasiko da Antzerki Zikloa, 'Miñan' antzezlanarekin batera

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 25a, 00:00

Bihartik ostegunera bitarte izango da Antzerki Zikloa, eta Biteriko oholtza antzezlez beteko da hiru egunez. Biharko eta etziko sarrerak agortuta daude jada. 

 

Bihar hasiko da Antzerki Zikloa Hernaniko Kultur Etxean. Itxaropen eta gogo haundia dute bailarako herritarrek hiru egunetan zehar ikusi ahal izango den antzezlanen ziklo honetarako. Hiru egunez oholtza gainezka egongo da, eta dagoeneko agortu dira biharko eta osteguneko sarrerak.

Zikloa irekitzen lehena izango da Artedramaren Miñan antzezlana. Amets Arzallusek idatzitako liburua oholtzara eraman du Artedrama konpainiak, eta gertutik ezgautu ahal izango ditugu Ibrahimaren istorioak, zeinak primeran laburbiltzen duen migratzaileen odisea guztia. Antzezlan honetarako sarrerak agortuta daude jada.

Etzi, bigarren saioa: El patio de las moreras, Vaiven Teatroren eskutik. Isabelen historia kontatzen du antzezlanak. Isabelek 20 urte daramatza jaioterritik kilometro askotara bizitzen, baina gaixotasun bat tarteko, etxera itzultzeko ordua iritsi zaio. Vaivén Produkzioak herri txiki bateko familia xume bati ahotsa ematen dio, ez dakigu zein herri den, baina laranja-lore usaina, bakailaoa pil-pil erarena eta eltzeko-madrildarraren usaina ere nahasten diren lekua da. Familia honek bere iragana eta oraina modu ausart eta konprometituan bizi ditu, eta elkar ulertzearen kantua eskaintzen digu.

Bukatzeko, asteazkenean, euskerazko bigarren saioa izango da, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistoc lanarekin.  Bakarrizketa eskainiko du Gurrutxagak, zeinetan Realeko jokalari ohia zeneko garaiak gogoratuko dituen. Gurrutxagari TOK gaixotasuna diagnostikatu zioten eliteko futbolaria zela, eta bere kezkei eta beldurrei buruz hausnartuko du bakarrizketan, barre eginez eta zailtasun horiek umorez landuta. Antzezlan honetarako sarrerak agortuta daude jada.

Biharko antzezlana eta asteazkenekoa euskeraz izango dira, etzikoa, berriz, gazteleraz; emanaldi guztiak Biteri Kultur Etxean izango dira, arratsaldeko 19:30etan hasita.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!