Hernaniko Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideen gida berritu du. Gida hau 2018an sortu zen, baina ordutik, Hernanin bertan eta baita herritik kanpo ere baliabide berriak sortu dira. Udalak gida berritzea erabaki du, eta azken urteetan sortu diren tresna eta baliabideak gehitu ditu. Horien artean dago Kulturarteko Plaza Feminista, zeinak indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeentzat hainbat baliabide eta zerbitzu eskaintzen dituen.
'Indarkeria matxista: Baliabideen gida' sei hizkuntzatan argitaratu da, eta sei ataletan banaturik dago: Zer da indarkeria matxista?/ Zein dira baliabideak eta zerbitzuak? Hernanin / Zein dira baliabideak eta zerbitzuak? Hernanitik kanpo / Salaketa jartzeko nora jo? / Nola jokatu sexu-eraso baten aurrean? / Nola lagundu indarkeria bizitzen ari den emakume bati?
Gida «irakurterraza eta argia» izateko helburuarekin idatzi da, «informazioa behar duen pertsonak modu zuzen eta argian jaso dezan», dio Udalak. Sei hizkuntzatan plazaratu da: euskeraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, urdueraz eta arabieraz. Izan ere, laguntza jasotzeko eskubidea emakume guztiek dutela gogoratu nahi izan du Udalak, «edozein delarik euren jatorria eta egoera administratiboa».
Baliabideen gida Hernaniko zenbait toki publikoetan egongo da eskuragarri: Kulturarteko Plaza Feministan, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, udaletxeko Zerbitzu Sozialetan, udaltzaingoan edota osasun zentroan. Bestalde, Udalaren webgunean ere eskuragarri egongo da.
Protokoloa eta informazioa, biak garrantzitsuak
Hernaniko Udalak 2016ko urrian onartu zuen indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko II. Jarduera eta Koordinazioa Protokoloa.
«Protokoloa bezain garrantzitsua da herritarrek, eta bereziki indarkeriari aurre egiten ari diren emakumeek, egoera hauen aurrean nora jo jakitea», gehitu du Udalak. Emakumeek zein baliabide eta zerbitzu dauden jakitea ezinbestekotzat jotzen dute: «Esaerako, garrantzitsua da jakitea laguntza jasotzeko ez dela derrigorrezkoa salaketarik jartzea», gehitu du.