Burujabetzen Eguna gaur zortzi ospatuko da Gudarien Plazan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Aurreko urtean aurreneko edizioa ospatu zen eta aurtengoa bigarrena izango da.

Bigarren urtez jarraian antolatu du Hernani Burujabek, goizean zehar, eta eguraldi txarra eginez gero Atsegindegin izango da.

Azaroaren 30ean Burujabetzen eguna egingo du Hernani Burujabek, iaz egin zen moduan, non sektoreek (energia, zaintza, bioaniztasuna, moneta, etxebizitza, elikadura, telekomunikazioak eta hezkuntza) aurten egindakoaren berri emango duten, eta datorren urterako dituzten asmoak azalduko dituzte. 10:30etan hasiko da sektoreen arteko «kultur bira», eta 12:30etan luntxa egingo dute. Eguraldi onarekin Gudarien Plazan izango da, eta txarra eginez gero, Atsegindegin.

Hernani Burujabe herriratzeko eguna izango da, eta festa giroan elkartu eta adiskidetzekoa. «Bertaratzeko gonbidapen zabala egin nahi dugu».

Aurten ere, herriko kulturgileen laguntza izango dute Burujabetzen egunean: sortzaile bana egongo da postu bakoitzean, eta denen artean (azalpenak eta kultura nahastuz) egingo dituzte aurkezpenak. 

Bertan egongo diren kulturgileak honakoak izango dira: Andoni Martinez de Ustaran magoa, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea, Uxue Apaolaza idazlea, Markel Oiarzabal Zapotxin pailazoa (aurkezle lanetan ere ariko dena), Izaskun Lapaza dantzaria, Xabi San Sebastian musikaria, Gorka Olazabal Paxo umoregilea, eta Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal bertsolariak.

 

Jabe solidarioen Sarea  osatu nahi du Etxegurak,  eta egun horretan paperean bete daiteke galdetegia

Hernani Burujaberen baitako Etxegura taldeak Jabe Solidarioen Sarea osatu asmo du. Horren helburua da, Hernanin etxebizitza prezio justuan alokatzen duten jabeak identifikatzea. Batetik, erakusteko badagoela alternatiba eta jabe gehiago horretara bultzatzeko. Eta bestetik, Etxeguratik jabe horiek identifikatuta edukitzeko, herritarrek elkartera laguntza bila joko balute horiekin harremanetan jartzeko, konponbideren bat lortzeko asmoz.

Horretarako, bi galdetegi zabaldu dituzte, egoera ezagutu eta harremanak egiten hasteko. Bata, maizterrei bideratutako galdetegia da; bestea, berriz, higiezinen jabeei zuzendutakoa. Bi galdetegiak Hernani Burujaberen webgunean (hernaniburujabe.eus) daude eskuragarri, baita Etxeguraren eta Hernani Burujaberen sare sozialetan ere (Instagram eta Twitterren). Bestetik, Burujabetzen Egunean paperean betetzeko aukera ere izango da.

Elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak, etxeguraelkartea@gmail.com helbidera idatzi dezake mezua. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!