Maite Larburu hernaniarrak, Jon Maia dantzariarekin eta June San Sebastian ilustratzailearekin batera, Klera liburu proiektua aurkeztu zuten pasa den asteartean, Donostiako Victoria Eugenia aretoan. Klera proiektuak, ikuspegi artistiko batetik, haurrek gerra nola bizi duten islatzen du.
Kukai Dantzak eta Elkar argitaletxeak literatura, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak batzen dituen lan berezi bat landu dute, haurtzaroaren begirada horretan zentratu eta bakea aldarrikatzeko.
Espresio artistiko ezberdinak batzen dira bertan. Leire Bilbao idazlearen hitzetatik sortu zen lehendabizi, Maite Larburuk musika jarri dio proiektuari, June San Sebastian ilustratzaileak irudia jarri dio, Kukaik dantza eta David Bernuesek bideoa. Klera zuzeneko emanaldia ere bada. Esparru honetan, Kukai Dantzako bi dantzarik eta Maite Larburu abeslariaren doinuek Kleraren izpirituan sartzen dute ikuslea eta kontakizun honetaz zuzenean gozatu ahal izango da, abesti, dantza eta bideoen bidez.
Gerra baten erdian harrapatuta dagoen ume baten kontakizun fikzionatua da Klera, hainbat adierazpidetan eraikia, oinarrian hitza egon arren. Album bat da, kontakizun labur bat, eta isiltasun asko ditu.
Maite Larbururentzat «opari bat» izan da 'Klera' proiektua. «Nire ustez, bete-betean jo dugu dianan. Liburu honek dantza egiten du, hotsa du, begiak itxita ere irakur liteke, ikus liteke», adierazi du.