Hiru antzezlanek osatzen dute aurtengo Hernaniko Antzerki Zikloko egitaraua. Artedramaren Miñan antzezlana eskainiko dute asteartean, Vaiven Teatroren El patio de las moreras asteazkenean eta Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistoc ostegunean. Arratsaldeko 19:30etan hasiko dira hiru saioak, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian. Ikusmin haundia sortu du programazioak, eta dagoeneko saldu dira euskerazko bi emanaldietarako sarrera guztiak.
Miñan izango da zikloko lehenengo antzerkia. Amets Arzallusek idatzitako liburua antzerkira egokitu du Artedrama konpainiak, Ibrahima Balderen bizitza eta testigantza oholtzaratzeko: 'Ibrahima Balde Ginean jaio zen; baina, egun batean, amaren deiak etxea uztera behartu zuen, anaia txikiaren bila Europara joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen'.
El patio de las moreras lanak, berriz, familia xume baten istorioa kontatzen du. Vaiven Teatro konpainiak sortutako antzezlan honetan Isabel izango da protagonista; urte luzez etxetik kanpo bizitzen egon ondoren, ama zaintzera itzuliko baita bere jaiotetxera.
Azkenik, Zuhaitz Gurrutxaga umoregilearen Futbolistoc bakarrizketak itxiko du zikloa. Realeko jokalari zen urteetan izan zuen Transtorno Obsesibo Konpultsiboa umoretik kontatzen du Gurrutxagak. Arazoak gainditzeko moduan jartzen du azpimarra, eta garaiko anekdotekin janzten ditu pasarte gogorrenak.
Antzerkiaz gozatzeko aukera ederra izango da hernaniarrentzat.