Asteazken arratsaldean azaldu zituen Hernaniko Udalak lehen sektorearen diagnostikotik eratorri dituen ondorioak. Antziolako, Martindegiko, Jauregiko edo Osiñagako baserritarrek bete zuten udaletxeko areto nagusia, eta Xabier Lertxundi alkatearen eta Arrate Iturbe lehen sektoreko teknikariaren artean aletu zituzten diagnostikoaren nondik norakoak. Henase nekazarien kooperatibak, Herrilur kontsumo elkarteak eta Bertatik Elikatuz elikagaien transformazio zentroak ere parte hartu zuten aurkezpenean.
Sektorearen egoerak sortutako kezka izan zen diagnostikoa martxan jartzeko arrazoia, eta asteazkenean «ezinbestekotzat» jo zituzten bertako ekoizpena sustatzeko politikak: «Udaletxetik ez da erraza baserrian dituzuen beharrei erantzutea, egia da askotan gehiago zentratzen garela kalean, baina urte batzuk daramatzagu lehenengo sektorea indartu nahian. Badakigu ondo jaten badugu zuei esker dela, eta hori indartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu».
Hernaniko egoeraren azterketa egiteko 37 ekoizlerekin elkartu da Udala, eta zenbakietan laburbildu ditu baserrietan ikusi eta jasotakoak. Lehenengo sektorearekin lotutako jarduerak martxan dituzten pertsonen adina da atentzioa ematen duen lehenengo datua: «Heren bat 65 urtetik gorakoek osatzen dute, eta erdiak 40 eta 65 urte artekoak dira. Soilik %19 dira 40 urtetik beherakoak». Hori gutxi balitz, jarraipenean atzeman dute gabezia nabarmenetako bat; izan ere, baserrien %45ak ez du oinordekotzarik bermatuta. «Era profesionalean salmenta bidea egonkortuta izan arren, inbertsioak eginak, lanpostuak sortuak, etxeko transmisioa ez da bermatzen. Gaia delikatua izanik, estrategiak lantzea garrantzitsua da egoera horri erantzuteko», azaldu zuen Lertxundik.
Hernaniko ekoizleen erdia baino zertxobait gehiago besterik ez dira ari jarduera profesionalean, %56 zehazki, eta ekoizpen konbentzionala egiten dute gehienek: «Horrek gogoeta eskatzen du trantsizio ekologikoaren bidearen ereduari buruz». Salmentari dagokionez, azoken eta salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen da produktuen %40a; gainontzean, bitartekarien bidez saltzen da %27,6a eta denden bidez %8,2a.
«Hernani Burujaberen ardatzetako bat da lehen sektorea»
Diagnostikoarekin batera, Hernani Burujaberi buruzko galderak ere egin dizkie Udalak ekoizleei. Galdetutakoen erdiek ezagutzen zuten proiektua, eta ondorengo gaiak interesatu zaizkie gehien: «%40arentzat Bertatik Elikatuz transformazio zentroak du interes haundiena; %23,2k, berriz, Herrilur salmenta zentroa nabarmendu dute; %17ak inbertsioetarako laguntzekin agertu du interes gehien; eta %10ak, aldiz, Henase nekazarien kooperatibarekin». Elikadura mahaiko aholkularitza eta nekazaritza eskola ere aipatu dituzte ekoizleek interesen artean.
Azalpen saioa bukatzean merienda baten bueltan hitz egiteko aukera izan zuten aurkezpenena bertaratutako baserritarrek.