Euskal Ligako lidertza izango du jokoan Hernanik, bihar kiroldegian, Udapa Jatorkideren kontra

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Intentsitate haundiko partidua espero da bihar kiroldegian, Euskal Ligako bi talde onenen artean.

Sailkapenaren gorenean daude bi taldeak, 20 punturekin berdinduta, jokatutako zazpi partiduak irabazi ondoren. Goizeko 11:30etan daukate hitzordua, Hernaniko kiroldegian, eta irabazlea bakar-bakarrik geratuko da lidertzan.

Puntako boleibolaz gozatu nahi duenak, bihar goizean dauka hitzordua Hernaniko kiroldegian. Izan ere, mutilen Euskal Ligako bi talde onenak izango dira aurrez aurre, 11:30etan hasita: Hernani eta Udapa Jatorkide. Sailkapeneko aurreneko postuan berdinduta daude bi taldeak, 20 punturekin, liga hasiera bikaina eginda: orain arte jokatutako zazpi partiduak irabazi dituzte, ia denak alde nabarmenarekin.

Gauzak horrela, lidertza izango da jokoan bihar, hernaniarren eta gasteiztarren artean. Irabazlea sailkapeneko buru izango da, oraingoan bakar-bakarrik. Galtzailea, berriz, hirugarren postura jaitsi liteke, oso gertu baitaukate Navarvoley A taldea, 18 punturekin, sei partidu irabazi eta bakarra galduta. Hain juxtu, Udapa Jatorkideren kontra jaso zuen Berriozarko taldeak bere porrot bakarra. Hernanik, aldiz, lehenengo itzuliko azken partidua jokatuko du haien kontra, hiru aste barru.

Kontuak kontu, zaila da biharko partidurako pronostikorik egitea. Bi taldeak oso indartsu aritu dira orain arte, eta haien arteko lehiak zehaztuko du zein egon daitekeen koxka bat gorago. Joan den urtean talderik ez osatu ondoren, hernaniarrak denboraldi harrigarria ari dira osatzen lehiara bueltan, eta Liga Nazionalera igotzeko ametsari eutsi nahi diote.
 

Nesken talde nagusia, aurreneko garaipenaren bila

Etxean ariko da Hernaniko nesken talde nagusia ere, asteburu honetan. Gaur arratsaldean jokatuko du Gipuzkoako Txapelketako partidua, 16:00etan hasita, Ipar Titanak taldearen kontra.

Zaleen aurrean lortu nahi dute estreinako garaipena, joan den astean Ostadarren kontra galdu ondoren. Ez dute partidu erraza izango, denboraldia sendo hasi baitu talde donostiarrak, aurreneko bi partiduak irabazita.

Ordu berean jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketako mutilek ere, kiroldegian bertan, 16:00etan. Bera Beraren kontra jokatuko dute, bigarren garaipena lortzeko asmoz.

Junior mailakoak dira Hernaniko bi talde horiek, baina seniorrekin batera ari dira lehiatzen denboraldi honetan, Gipuzkoako Txapelketan. Esperientzia pilatu eta hobetzen joatea izango dute erronka nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!