Hernani Errugbi taldean aldaketak egon dira azken egunetan. Pasa den larunbatean, azaroaren 16an, talde kudeatzaile berri batek hartu zuen behin behineko klubaren gidaritza, aurreko zuzendaritzak, Joxe Elosegi presidenteak gidatutakoak, dimisioa aurkeztu eta gero. Ez zen bat bateko erabakia izan, aspalditik hausnartutakoa baizik. «Oso pozgarria izan zen ikustea jende berria animatu zela batzarrean, talde kudeatzaile horretan partehartzera».
Larunbatera arte egon zen zuzendaritza taldeak maiatzean hasi zuen bere agintaldia. Askok galdetuko dute dimisioa aurkezteko arrazoia zein izan den, bost hilabete besterik igaro ez direnean kargua hartu zutenetik. Joxe Elosegi azken presidente izandakoak azaldu dizkio arrazoiak Kronikari: «Zuzendaritza talde honek 2020an hasi zuen lehenengo agintaldia. Bigarren agintaldia maiatzean hasi genuen eta bost pertsona geunden nagusiki zuzendaritzan, gero eta gutxiago. Aurreko lau urteak zailak izan ziren, batez ere ekonomikoki, eta joan gara zerbait errekuperatzen murrizketak eginez».
«Gure proiektuaren ardatza Gipuzkoa Sortzen zen eta bigarren batzar batean batzarkideek ez zuten babestu»
Hauteskundeetara deia egin eta gero, plantxa bakarra aurkeztu zen, Joxe Elosegik gidatutakoa, baina berme bat nahi zuen. «Ez nuen zuzendaritza talde hau gidatu nahi bermerik gabe. Hau da, ez nuen proiektua gidatu nahi, aurkezten ginen bakarrak izateagatik, baizik eta proiektua bera zen berme hori. Automatikoki lehendakari izatera pasa nintzen, baina ideia horri helduta bazkideak proiektuarekin ados zeuden edo ez jakin nahi nuen. 2024-2028 Hernani Club Rugby Elkartea proiektua aurkeztu genuen eta hori bozkatu zen. Proiektu horren barruan zegoen Gipuzkoa Sortzen gai polemikoa. Gipuzkoako taldea sortzeko bide horretan, zubi bat eraiki nahi zen eta Bera Bera, Zarautz eta gu prest geunden. Zubi hori zen Gipuzkoa Sortzen. Planteatzen genuena frankizia moduko batean integratzea zen».
Proiektuan bi ildoak zeuden, bat Gipuzkoa Sortzen eta bestea Gipuzkoa. Lehendakariaren eta zuzendaritza taldearen bigarren agintaldia onartzeko batzarrean, babes nahikoa lortu zuten. Hala ere, bi astetara bozketa berezi baterako batzarra deitu zuten Gipuzkoa Sortzen aurrera eramateko konbenioa onartzeko. «Juridikoki horrela egitea gomendatu ziguten. Batzarrean polemika sortu zen eta Gipuzkoa Sortzen proiektuari ezezkoa eman zitzaion».
«Helburu nagusirik gabe ezin genuen gidatu proiektu hau, baina maiatza ez zen dimisiorako unerik onena»
Ezezko horrekin proiektuaren ardatza bertan behera geratu zen. «Bagenituen beste esparru batzuk, baina nagusiki hori zen gure proiektuaren sostengua. Helburu nagusirik gabe ezin genuen gidatu proiektu hau. Planteatu zen dimisioa orduan, baina aurretik garagardo azoka zegoen egun gutxitara, eta udara zetorren. Hausnartu genuen aurretik zer zetorren eta ez zen dimisioa aurkezteko unerik onena. Hurrengo denboraldia jarri behar izaten da martxan, eta horrek lana eskatzen du. Klubarentzako kalte zen eta hori ez du inork nahi».
Karguari heldu zioten eta denboraldia martxan jartzean zuzendaritza taldea eta kluba zer egoeratan egongo zen ikusiko zuten. «Udazkena heldu da, denboraldia martxan dago. Kluba orain ekonomikoki ez dago zegoen egoera larri horretan. Diruz arnasa hartzen ari da kluba, nahiz eta oraindik azpitik egon. Lan egin beharko da dezente, kirol arloa lotuta dago eta martxan daude talde denak, bakoitza bere arduradunekin. Zuzendaritza hau gabe funtzionatu dezake klubak eta erabaki dugu dimisioa orain aurkeztea».
Beste batzuentzat lekua uzteko momentua zela hausnartu zuen zuzendaritza taldeak. «Albo batera egiteko ordua dela ikusi dugu. Maiatzean ez zen beste inor aurkeztu, baina agian izan daiteke gu freno bat izan garelako jende berriarentzako. Alde batetik, nik 25 urte egingo ditut zuzendaritza lanetan. Urte asko dira eta ideiak ez dira berritzen, eta ideia berriak behar dira. Bestetik, oztopo bat izan gaitezke berrientzako eta erabaki dugu albo batera egitea. Beste lan batzuetan jarraitzen dugu klubean».
«Bost lagunek eman zuten aurrerapausoa talde kudeatzailea sortzeko»
Zuzendaritza berria izan arte klubak zer pauso eman behar zituen ikusi zuten. «Aukerarik egokiena eta hoberena zen batzar batetik talde kudeatzaile bat ateratzea. Bost lagunek eman zuten izena lanean hasteko larunbateko batzarrean. Talde honen helburua, aurrera begira, zuzendaritza batzorde berri bat osatzea da. Izan daitezke beraiekin edo beste batzuekin». Horretarako hauteskundeak deitu beharko dituzte. Hori izango da hurrengo pausoa.